340.000 euroko zigorra Ferroviali eta Michelini lan istripu hilgarri batengatik

Erredakzioa 2019ko urt. 22a, 10:40

Michelinen 24 orduko lanuztea egin zuten istripua salatzeko. ALEA

2016. urtean zendu zen Jorge Romero langilea, molde bat gainean erori zitzaiolako.

Michelin eta Ferrovial enpresak zigortu ditu Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailak 2016. urteko urrian jazotako lan istripu hilgarri batengatik. Enpresa bakoitzak 170.000 euro ordaindu beharko ditu segurtasun neurrietan arau-hauste "oso larria" egiteagatik. Lan eta Justizia sailaren arabera, "enpresek ez zituzten bete prebentziozko neurriak" eta lan arriskuen prebentziorako araudia urratu zuten. Horren ondorioz, Jorge Romero langileari molde bat gainean erori zitzaion, eta bertan hil zen.

Romerok gurpilentzat moldeak egiten zituen Michelinen, Ferrovialen jabetza den Ferroser enpresak azpikontratatuta; istripua jazo zenean hilabete gutxi zeraman lanean. Enpresa batzordeak bere garaian salatu zuenez, lan zama handia zegoen orduan lantegian, eta laneko prestakuntza nahikoa jaso gabe behartu zuten Romero molde handietan lan egitera. Istripuaren egunean beste langile bat ere ozta-ozta atera zen bizirik.

2016. urtean bi lan istripu hilgarri jazo ziren Michelin enpresan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago