1850eko Gasteizen murgiltzeko modua aurkeztu dute

Erredakzioa 2019ko urt. 21a, 09:51
Sakelako telefonoetarako aplikazioa da "Arkikus-Vitoria-Gasteiz 1850". / ARKIKUS

XIX. mendeko Montehermoson eta Andre Maria Zuriaren plazan birtualki sartzeko aukera ematen duen sakelako telefonoetarako aplikazioa prestatu dute.

 

Errealitate birtualaren bitartez 1850. urteko Gasteizera jauzi egiteko bidea ematen duen aplikazioa aurkeztu dute gaur. Sakelako telefonoetan erabiltzeko aplikazioa da, eta Android eta iOS sistemetarako eskuragarri dago, dohainik.

Aplikazioa euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez erabil daiteke, eta, tokian tokiko hiru dimentsiotako irudiak eskaintzeaz gain, testu eta audio bidezko azalpenak ere ematen ditu.

Hiriko berreraikitze birtuala VR betaurrekoak erabilita edo sakelakoa bere horretan erabilita ikus daiteke. Momentuz, Montehermoson eta Andre Maria Zuriaren plaza agertzen dira aplikazioan. Leku horretan egonda atera dakioke probetxu gehien aplikazioari, baina, halere, ez da beharrezkoa bertan egotea, munduko edozein lekutik esperientzia hori bizitzeko aukera dago. XXI. mendeko eta XIX. mendeko ikuspuntua modu errazean alda daiteke, nahieran.

ARKIKUS enpresak garatu du app-a, Gasteizko Udalaren laguntzaz. Ondarea zabaltzea helburu duen enpresa horrek arkitekturan eraikinak diseinatzeko erabiltzen diren teknikak baliatzen ditu iragana berreraikitzeko. Aurretik, Santa Katalinako monasterioaren berreraikipena egin dute ere, eta ingurune hori bisitatzeko aukera ematen duen beste aplikazio bat ere garatu dute. 

"Fideltasun historikoa" izan dute oinarri, ARKIKUS enpresaren esanetan. "Iturri grafikoak, dokumentalak nahiz arkeologikoak erabili dira mugikorrean aurkitzen diren eduki digitalak egiteko".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide