Lazarraga Kultur Elkarteak prozesu parte-hartzailea abiatu du azken hilabeteetan, Nondik arkitektura aholkularitza bidaide. Bertan, Gasteizko Kafe Antzokia-Euskararen Etxearen egitasmoak beharko dituen espazioen antolaketa eta erabileren, jardueren nolakotasunen eta ezaugarri arkitektonikoen hausnarketak eta proposamenak landu dira. Prozesuaren txostenean jasotakoak Ruiz de Bergararen lehiaketa arkitektonikoan oinarri gisa hartzea guztiz beharrezkotzat jotzen du Lazarragak.
Ruiz de Bergara jauregia lau espaziotan banatu dute: Kafe Antzokia bera jasoko duen espazioak 442 metro koadro izango ditu, eta bertan kokatuko dira harrera nagusia, arropazaindegia, antzokia bi solairutan banatuta, taberna-kafetegia, sukaldea, barrak, aldagelak, eta abar. Aurkeztutako proiektuaren arabera, sarrera nagusia Zapatari kalean egongo da. Harrera guneak arropazaindegiarekin eta txarteldegiarekin edo sarrerak jasotzeko puntuarekin bat egin behar du, baina eraikin osoko informazio gune bat bertan egon behar da.
Kafe Antzokiaren gune nagusia Ruiz de Bergara jauregiaren erdiko patioan kokatu dute. Espazialki lotuta egongo diren bi gune nagusitan banatzea proposatzen da: Zapatari kaleko sarrerako solairuan kokatutako eremua eta goiko gunea, patioa inguratzen duen balkoia hartuta. Kafe Antzokiaren agertokia, betiere muga teknikoek ahalbidetzen badute, egoera ezberdinetara egokituko den plataforma izango da, eta Kafe Antzokiak izango duen programaren arabera, espazio berdinak jangela eta kafetegi funtzioa ere izango ditu.
Hala, Kafe Antzokiko gune nagusiak etengabeko erabilera izango du, kontzertu edo ekitaldirik ez dagoenean, ostalaritzarekin lotutako elkargune funtzioa izango baitu.
Bigarren espazioa erabilera anitzeko aretoa da, eta 168 metro koadro okupatzea aurreikusi dute. Sarrera Errementari kaletik izango du. Leku irekia eta erabilera anitzekoa izan behar dela jaso du proiektuak, eta bertan izango diren erakusketa guneak ere toki ezberdinetan bana daitezkeela.
Hirugarren espazio bat lantegiak egiteko gorde da, eta 80 metro koadro izango ditu; Kafe Antzokiaren eta Euskararen Etxearen arteko trantsizio gune bat bezala diseinatu dute.
Azkenik, Euskararen Etxea lan espazio irekia da, eta 192 metro koadro okupatuko ditu. Altzari edo elementu mugikorren bidez banatuko dira lan-gune ezberdinak izango dira horretan. Ingurunearen konfort akustikoa ere kontuan hartu beharko da, bertan bildu daitezkeen talde eta norbanako ezberdinen lanek elkarri trabarik egin ez diezaioten.
Udalari aurkeztu diote
Prozesuan zehar azaldutako hausnarketa guztiak aintzat hartu eta txosten batean laburbildu ditu Nondik arkitektura laborategiak. Lazarraga Kultur Elkarteak Gasteizko Udaleko arduradun eta ordezkari ezberdinei helarazi die txostena, "aurrerantzean izango diren eztabaida eta aurreproiektua lantzeko oinarri izan dadin".
Horrez gainera, "orain arteko kontsentsua mantentze aldera", Lazarragak adierazi du prest dagoela Udalbatza osatzen duten Udal talde guztiekin lanean segitzeko, eta interesa duen orori eman beharreko azalpenak emateko. "Urte hauetan guztietan landutako konfiantza eta lan giro onarekin jarraitu behar dela sinistuta dago Lazarraga, proiektu hau legegintzaldi honetan hasteko eta hurrengoan bukatzeko".