Espainiako Sustapen ministro Jose Luis Abalosek Gasteizen aurkeztu du gaur Abiadura Handiko Trenak hiriburuan izango duen ibilbidea; hala ere, ministroak berretsi du trenbidea lurperatzeko obra 2023. urtean amaituta izango dela, eta guztira 724 milioi euro inbertituko direla -43 milioi euro bakarrik lurperatzeko zatian–. Pedro Asua kalean hasi eta Salburuko Bulebarra artean joango da trena lurpean, 3,6 kilometro egin eta gero. Gainera, 90.000 metro koadro utziko ditu libre trenaren lurperatzeak, hiri erabileretarako.
Jundizko industrialdetik hiru trenbide sartuko dira Gasteizen. Horietako bi bidaiarientzat izango dira, zabalera estandarreko (UIC) bi trenbide hain zuzen, eta hirugarrena trenbide mistoko bat izango da, merkantzientzat eta distantzia ertainerako. Lehenengo hiru kilometroetan trenbideak paraleloan joango dira, aire zabalean. Pedro Asua kalearen inguruan 1.126 metroko tunel faltsu batean sartuko dira trenbideak, geltokira heltzeko. Geltokia gainditu ondoren, ibilbideak 1.460 metroko tunel faltsuan jarraituko du, Salburuko Bulebarraren azpitik igaro arte. Ondoren, trenbidea azalera aterako da, Errekaleor errekaren gainetik bide-zubi bitartez gurutzatu arte. Hortaz, Arkaiate eta Larrein auzoetatik AHTa aire zabalean joango da.
Geltoki berria
Geltoki berria eraikitzeko Dato kaleko egungo eraikina egokituko dute. Kanpotik kristalezkoa den eraikin berri bat egingo dute, eta guztira, 3.140 metro koadroko azalera hartuko du. Lur azpiko bi solairu izango ditu geltoki berriak, eta hainbat zerbitzu jasoko ditu, hala nola itxaroteko gunea, sarbideen kontrola, salmentarako eta herritarren arretarako gunea eta baita komun publikoak eta merkataritza lokalak ere.
Minus bat solairura eskailera mekaniko, eskailera finko eta igogailu bitartez iritsiko da, eta bertan egongo dira abiadura handiko trenera igotzeko aretoa eta aldirietako trenerako sarbidea. Solairu horretan 400 plazako aparkalekua dago aurreikusita. Minus bi solairuan hiru nasa egongo dira (bi erdian eta bat alde batean) eta zabalera estandarreko bost trenbide abiadura handirako, eta baita beste nasa bat ere, aldiriko trenbide batekin.
Lurperatzeak 90.000 metro koadro libre utziko ditu, horietatik 44.000 geltokiaren ingurunean. Hala, autoentzako errepide bat egitea aurreikusten dute, bi erreiekin noranzko bakoitzean. Errepidea Gaztelako Atetik abiatuta Carmelo Bernaola Pasealekuaren hegoaldera joango da, egun trenbideak okupatzen duen tokitik; eta Musikaren Pasealekuko glorietan errepide berria lur azpian sartuko da, eta San Kristobal kalearen azpitik igaro eta gero berriro ere azalera aterako da.
EpeakAurreikusten denez, aurten informazio azterlana onetsi eta jende aurrean aurkeztuko da, eraikuntza proiektuen idazketa lizitatzen den bitartean, 2020an amaitzeko. Obrak egiteko aurreikusten den epea 36 hilabete ingurukoa da. Jarduketaren aurrekontu osoa 724 milioi eurokoa da, BEZ barne. Horietatik 434 geltokiaren lur azpiko tarteari dagozkio, 206 Arkautiko lotuneari, 41 Burgos-Gasteiz linearekin egin behar den konexioari eta 42 proiektuen idazketari eta obren zuzendaritzari.
Kontzentrazioa
AHT-rik Ez Lautada Plataformak, berriz, kontzentrazioa egin du goizean Olagibel Kaleko Gobernu Ordezkaritzan. Azaldu dutenez, trenaren lurperatzea eta Abiadura Handiko Trena gai ezberdinak dira. "Ez dugu nahi lurraldearen milioiko suntsiketa egitea aitzaki horrekin". Trena hiriburuan lurperatzeko ez dela "Araba suntsitu" behar aldarrikatu dute. Orain dela urtebete, 2018ko otsailaren 27an, antzeko protesta bat egin zuten leku berean. Orduan, Espainiako Gobernu Ordezkaritzan 7.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten Lautadatik AHTa pasatzea nahi duten proiektuaren aurka. Arabako Haranetako AHTaren kontrako plataformak ere parte hartu du mobilizazioan.