Otsailaren 17ra arte ikusi ahal izango da Montehermoso kulturuneko ur-biltegian Invisibilidad revelada argazki erakusketa. Duela lau urte abiatu zen proiektu artistiko baten azkeneko fasea da honakoa, eta baliabiderik ez duten eta gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak ikusaraztea du helburu, "gehienetan hauek oharkabean geratzen zaizkigu eta".
Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak sustatu du ekimena, eta arlo horretako zinegotzi Peio Lopez de Munainek eta Carlos Lalastrak aurkeztu dute erakusketa. Azken hori izan da erakusketaren komisarioa, eta berak sortu du proiektua, Andrea Abaigar argazkilariarekin batera.
Tokiko artistek Harrera Sozialerako Udal Zentroan (CMAS) bizi diren pertsonekin egin dituzten hiru lantegi ditu oinarri Invisibilidad Revelada erakusketak. "Artisten eta bazterketa egoeran dauden pertsonen errealitateen artean itxuraz amildegi bat dagoen arren, egon badago elkarren arteko loturarik, kulturan eta bizitzan bizirautea baita kontua".
Azken urteetan hiru fasetan garatutako lanaren emaitza da erakusketa. Ikusezintasun partekatua proiektua izan zen abiapuntua; horretan kulturaren eta sorkuntzaren arloko hamahiru lagunek parte hartu zuten, eta pobrezian irudikatu zuten euren burua. Ondoren, Ikusezintasun partekatua + lana etorri zen, babesgabetasun maila handia duten eta gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen desioetan zentratua. Orain, amaitzeko, artistak eta Harrera Sozialerako Udal Zentroko erabiltzaileak elkartu dira."Pertsona hauek hobeto ezagutzea esperientzia paregabea izan da, sarritan umeak dituzten emakumeak dira, eta pertsona helduak; asko sufritzen ari dira eta denok egon gaitezkeen egoera batetik ateratzen saiatzen ari dira", esan du Abaigarrek.