Maiatza baino lehen lizitatuko dute Gasteiz Antzokiaren proiektua

Erredakzioa 2019ko urt. 14a, 13:31
Ruiz de Bergaran kokatuko da Gasteizko Kafe Antzokia. ALEA

Ruiz de Bergara jauregiaren egoeraren azterlan teknikoa bukatzen ari da Udala, baita akustikari buruzko txostena ere.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri du Gasteiz Antzokiaren proiektua legegintzaldia amaitu baino lehen lizitatuko dela. Une honetan, Ruiz de Bergara jauregiaren egoeraren azterlan teknikoa bukatzen ari da Udala, baita akustikari buruzko txostena ere. Bi agiri horiek bukatutakoan zehaztuko da aurreproiektua, proiektua eta obra lehiaketara atera ahal izateko.

Euskaltzale taldeekin batera taxututako beharren programaren zenbait xehetasun azaldu ditu Gasteizko alkateak. Adostutakoaren arabera, Gasteizko Kafe Antzokia 1.250 metro koadroko espazioa izango da, lau solairutan banatuta. Osagai hauek izango ditu: sarrera nagusia, Zapatari kaletik (jantzitegi eta sarrera-saltegia barne); erdiko espazioa, agertokiarekin (274 metro koadro); aldagelak; kontrol teknikorako kabina; ostalaritza espazioa (103 metro koadro); ekitaldi aretoa; erakusketa aretoa; lantegiak; lan egiteko espazioak (bulegoak, bilera gelak), eta bestelako espazioak (komunak, biltegiak…).

Eskoriatza-Eskibel jauregia

Hasiera batean Gasteizko Kafe Antzokia Eskoriatza-Eskibel jauregiaren inguruan kokatu behar zuten. Alkateak argitu du une honetan ez dagoela inolako erabilera zehatzik aurreikusita jauregiarentzat, baina egitura sendotzeko eta estalkiak iragaizteko proiektu teknikoa kontratatu beharko dela, baita dagokion lana gauzatu ere; horrek milioi euro inguruko kostua izango du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide