'Ghero', 'Kalaportu', 'Beroki gorria' eta 'Koskak', Principal antzokiaren euskarazko eskaintza

Mirian Biteri 2019ko urtarrilaren 11

Gasteizko Antzoki Sarearen neguko eta udaberriko denboraldia aurkeztu dute.

 

Denera, 73 ikuskizun eskainiko dira ekaina bitartean. Antzerkia, dantza, musika klasikoa, popa, flamenkoa, beste musika mota batzuk, umorea, zirkua eta familientzako proposamen ugari ikusi ahalko dira. Besteak beste, Juan Echanove, Alex Ubago, Carmen Maura, Aitana Sanchez Gijón, Jose Sacristan, Ismael Serrano, Cafe Quijano eta Sweet California izango dira Principal antzokiko agertokian. 

Ekoizpen euskaldunei dagokionez, lau izango dira euskaraz eskainiko diren lanak: Ghero (Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan), Kalaportu, Beroki gorria eta Koskak. Horrez gain, Euskaltzaindiaren mendeurrena dela eta, Mende berria Kantuz izeneko koru emanaldia ere izango da, eta baita Goazen 5.0 ikuskizuna ere.

Aurreikusitako ikuskizunetatik, 17 gizarte etxeetako zikloetan eskainiko dira, eta Principal antzokian, 55; Jesus Guridi kontserbatorioan ere saio bat izango da. Proposamen nagusien artean, honako hauek daude San Prudentzio kaleko antzokian: La vuelta de Nora, Aitana Sanchez Gijonekin; Voltaire/Rousseau, la disputa, Josep Maria Flotatsena; Ensayo, Teatro Kamikazerena; Si no te hubiera conocido, Unax Ugalderekin; Rojo, Juan Echanoverena; El precio, Gonzalo de Castro eta Tristan Ulloarekin; 7 años, Miguel Rellanekin; Copenhague, Emilio Gutierrez Cavarekin; La golondrina, Carmen Maurarekin; Todas las mujeres, oso aktore ezagunekin;  La culpa, Pepón Nietorekin, eta Señora de rojo sobre fondo gris, Jose Sacristánekin.

Salmenta, urtarrilaren 15etik

Abonamenduak urtarrilaren 24, 25, 26 eta 27an salduko dira. Hilaren 29 eta 30ean, abonamendu irekiak jarriko dira salgai, eta 31tik aurrera hasiko da salmenta arrunta. Dena dela, hilaren 31n salmenta kolapsatu ez dadin, ikuskizun hauetarako sarreren salmenta urtarrilaren 15eko 18:30era aurreratuko da: hain justu ere, Ismael Serrano, Goazen 5.0, Sweet California, Café Quijano eta AAVOZen Konpositore iberoamerikarren ganbera kantuak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago