Segregazioa okerrera doala salatu du Steilas sindikatuak

Erredakzioa 2019ko urt. 10a, 13:58
STEILAS sindikatuak prentsaurrekoa egin du goizean. STEILAS

Matrikulazioa zentroetan egin beharrean gizarte etxeen bitartez gauzatzeko aukera aztertzea proposatu dute.

"Gasteizen zenbait hamarkadetan zehar gauzatutako segregazioa okerrera doa". Hala uste du Steilas sindikatuak datuak aztertu ondoren. "Egun, gure hiriko eskoletan gertatzen den segregazioa Europako hirien artean nabarmenetakoa da".

Sindikatuak gogorarazi nahi izan du segregazioaz hitz egiten denean, giza-eskubideen urraketaz mintzatzen ari dela, eta kezkagarria dela erakunde publikoek eta gai honekiko "udal gobernuaren geldotasuna eta oposizioan dauden taldeen pasibotasuna" salatu du. Horregatik, EAJri eta PSEri arazoa konpontzeko beraien eskumen eremuan dagoen guztia egin dezatela eskatu diete, horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak bideratuta. Halaber, oposizioari auziak lehentasun osoa izan dezala eskatu dio; eta Gasteizko hezkuntza komunitateari, familiei, irasleei nahiz ikasleei berriz, zentroz zentro egoerari aurre egin diezaiotela.

Steilasek proposamen zehatzak egin dizkio Udal Eskola Kontseiluari eta baita hezkuntzako zinegotzia den Estibaliz Cantori. Alde batetik, hezkuntza zentroetako ikasleen onarpenerako irizpideak eztabaidatzea proposatu du, bereziki, baremazioan Eskola Kontseiluek erabakitzen duten puntua; "izan ere, zenbaitetan, puntu hori irizpide baztertzaileetan oinarrituta dago".

Bestalde, matrikulazioa zentroetan egin beharrean Gizarte Etxeen bitartez gauzatzeko aukera aztertzea proposatu dute sindikatuko bozeramaileek. "Zentroetan gertatzen da iruzurra eta bertan ukatzen zaie zenbait kolektiboetako gurasoei beraien seme-alabak aukeratutako ikastetxean matrikulatzeko eskubidea. Administrazioak berak kontrolatu behar ditu matrikulazio prozesuak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide