"Militarra naiz eta eta hogei urte daramatzat zu bezalako jendea hiltzen". Horiek dira hitzez hitz Tuvisako 7. lineako bidaiari batek emakume beltz baten alabari atzo esan ziona. Mehatxua, @asmaatxo_ izeneko instagrameko erabiltzaileak zabaldu duen bideoan entzun daiteke. Bideoan salatzen du Tuvisako 7. lineako txoferrak emakume beltz baten eta bere alabaren kontra izaniko jarrera oldarkorra, eta horren ondorioz autobusean zegoen hainbat bidaiariren aldetik etorri ziren mehatxu eta irain arrazistak.
Tuvisako lehendakari Itziar Gonzalok gaur azaldu duenez, Gasteizko Udala gertatutakoa ikertzen ari da.
Emakumea eta bere alaba asteazkenean arratsaldean Borinbizkarra eta Salburua lotzen duen autobusean sartu ziren, eta txikia patinetea tolestu gabe sartu zen. Bideoan ikusten denez, Tuvisako txoferrak patinetea tolesteko eskatzen dio emakumeari tonu altuan eta modu zakarrean. Emakumeak aurre egiten dio, eta eztabaida hasten da. Emakumea saiatzen da txoferrari azaltzen ume txikiak "behar bereziak" dituela, eta horregatik izan dituela zailtasunak patinetea tolesteko, baina txoferrak erantzuten dio "berdin zait behar bereziak izatea", eta berriro errepikatzen du ezin dela patinetea tolestu gabe sartu.
Ondoren, @asmaatxo_ izeneko instagrameko erabiltzaileak salatu duenez, autobuseko hainbat bidaiari emakumea iraintzen hasten dira: "etorkin zikinak, putakumeak", "hona etortzen zarete eta dena kentzen diguzue", "beltz zikinak, nazka ematen didazue", eta abar. Une horretan, gainera, militarra dela dioen gizon batek emakumea eta umea bera iraindu eta mehatxatzen ditu. Emakumea negarrez eta oso asaldatuta jaitsi zen autobusetik.