Gasteizko Euskaraldiaren dokumentala estreinatuko dute urtarrilaren 9an

Erredakzioa 2019ko urt. 3a, 12:44

Gasteizko Euskaraldiari buruzko dokumentala egin dute. ALEA

31 eta 45 urte bitarteko emakumea; horixe da Gasteizen Euskaraldian parte hartu duen pertsonaren profila.

Gasteizko Euskaraldiaren esperienzia jasotzen duen dokumentala urtarrilaren 9an estreinatuko dute, Oihaneder Euskararen Etxean. 11 baino +: Has Gasteizen euskaraz bizitzen dokumentalak Gasteizko Euskaraldia aitzakia bezala hartu du euskarak hiriburuan bizi duen egoera aztertzeko. "Horretarako, esparru ezberdinetako elkarrizketatuak hautatu ditugu: komunikabideak, euskaltegiak, bizilagunak... Oso marko anitza eta polita sortu dugu eta horregatik lau haizeetara zabaldu nahiko genuke egiten ari garen lan hau", azaldu du Mikel Ezkerro dokumentalaren ekoizleak.

Estreinaldiaren ostean, urtarrilaren 24an, Salburuko gizarte-etxean proiektatuko da dokumentala, 19:00etan, eta urtarrilaren 31n, Zabalganeko gizarte-etxean, 19:00etan.

Euskaraldia, datuetan

Gasteizen 12.975 pertsonek eman zuten izena Euskaraldian parte hartzeko, horietatik 8.337k ahobizi rola aukeratu zuten eta 4.638k belarriprest rola. Generoari erreparatuta, 8.156 emakume izan dira, 4.520 gizonezko eta 299 ez binario. Adinari begiratuz gero, 31-45 urte bitartean pilatzen dira parte hartzaile gehienak (5.422), 16-30 eta 46-60 urte bitartean pilatzen dira beste parte hartzaileen ia erdia 3.532 eta 3.333 partaide hurrenez hurren. 61 urtetik gorakoen parte hartzea oso txikia izan da, izan ere, 658 lagunek baino ez dute izena eman.

Euskaraldia auzoka

Auzoei begiratuta, Erdigunea izan da parte-hartzaile gehien batu dituena (1.409) eta justu beste aldean Errekaleor dago, auzo txikiena, 22 partaiderekin. Salburua eta Zabalgana auzoetan izandako presentzia nabarmentzekoa da, soziologikoki, euskalduna den populazio handiagoa baitute

Datu hauei erreparatuta, Euskaraldiaren parte hartzailearen profila ahobizi rola hautatu duen emakumea da, 31-45 urte bitartekoa. 

Gasteizko datu soziolinguistikoei erreparatuta, gure hirian ahobizi eta belarriprest rola hartu zezaketen herritarren artean, hau da, 16 urtetik gorako euskaldun eta ia euskaldunen (81.000 inguru) %16ak parte hartu duela esan dezakegu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago