FCCrekin akordioa lortu du Gasteizek, garbiketa kontratua bertan behera uzteko

Erredakzioa 2018ko abe. 21a, 13:21

Desadostasun ugari eragin ditu Gasteizen egun indarrean dagoen garbiketa kontratuak. / ALEA

Zerbitzua bere horretan mantenduko dute, hainbat hilabete barru esleituko den kontratu berria martxan jarri bitartean.

Gasteizko Udalak FCC-GMSM enpresa-elkartearekin hiria garbitzeko duen kontratua eteteko akordioa lortu du, gaur goizean Udalak ezagutzera eman duenez. Lortutako hitzarmenaren bitartez zerbitzua bere horretan mantenduko dela dio Udalak, garbiketa kontratu berria martxan jarri bitartean. 2019ko urrirako edo azarorako espero dute hori hala izatea.

Besteak beste, aldi baterako enpresa-elkartearekin hitzartutako akordioan makineriaren amortizazioa jaso dute. Zerbitzuaren esleipen berria lortuko duen enpresak bost milioi euro ordaindu beharko dizkio FCC-GMSMri, betebehar hori esleipenaren baldintzetan jasoko dutelako. Hondakinen Lantaldea deitu du Udalak, bertan talde politikoei akordioari buruzko xehetasunak emateko.

"Garai berri" baten hasieratzat jo du hitzarmena udalaren ekonomiaren arloko koordinatzaile Iñaki Gurtubaik. "Amaiera jartzen zaio aurreko kontratuak sortutako gatazkari, zerbitzua hobetzea ahalbidetuko duen beste kontratu bat egiteko, Gasteiz garbiago eta hobeto egon dadin", adierazi du. Lortutako adostasunak azken hilabeteetan egon den gatazkaren amaiera ekarriko duelakoan dago Gurtubai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago