Gasteizko Alde Zaharreko Alava-Velasco jauregia okupatu duen Talka izeneko emakume taldeak udal gobernuak okupazioaren aurrean erakutsi duen jarrera salatu du, eta Gorka Urtaran alkatea "espekulatzaileen alde" lerrokatzea kritikatu du. "Eraikin hau urteetan zehar hutsik eta inolako erabilerarik gabe egon da, enpresa baten eskuetan, Udalaren esku hartzerik gabe; ez dute ezer egin horrela izan ez dadin. Orain, erabilera bat emango zaiola, ateak ireki eta bizitza eman nahi diogula, orain molestatu egiten die".
Talkak nabarmendu duenez, udal gobernuak enpresa ohartarazi eta animatu du okupazioa salatzera. "Adierazgarria da enpresa abisatu behar izatea, bestela gu han gaudela jakin ere ez lukeelako egingo. Hori da eraikinarekiko eta orokorrean hiri honekiko enpresak duen lotura eta interesa" azaldu du Talkak.
Eraikinean segurtasun arazoak daudela ukatu dute emakumeek. Izan ere, haien esanetan, Alava-Velasco jauregiaren egituraren sendotze lanak egin dira orain dela denbora gutxi eta horretaz gain arkitekto tekniko bat ari da eraikinaren ikuskatzea egiten. "Eraikinaren egoera teknikoa ona da, eta beraz ez dago inolako segurtasun arazorik gu bertan egoteko. Ez dezatela erabili gure segurtasunagatik kezkatzen direla aitzaki bezala gu bertatik botatzeko".
Ekimenaren berri emateko hainbat ekitaldi antolatu ditu Talkak hurrengo egunetan. Horien artean larunbatean, abenduaren 22an auzolana eta kontzertua egingo dute, eta argazki jendetsua 13:00etan, igandean asanblada, eta astelehenean, abenduaren 24an 17:00etatik aurrera ate irekien eguna egingo dute gizon zein emakumeentzat.