Hegoaldek itxura aldatuko du abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra

Mirian Biteri 2018ko abe. 22a, 12:00
Egilea: Gasteizko Udala

Eguberriko haur parkea dela eta, 'Olympic Vitoria-Gasteiz' bihurtuko da; kirola du ardatz aurtengo edizioak. 

Abenduaren 26tik urtarrilaren 6ra bitartean, etxeko txikiei zuzendutako askotariko egitarauak prestatu dituzte herri askotan; eta ekintzen artean, Gasteizko haur-parkea dago. Aurten ere, Hegoalde gizarte etxean egingo dute, asteartetik urtarrilaren 4ra bitartean.

Gasteiz kirolaren hiriburua izateko ahalegin horretan, kirolaren berezko balioak landuko dituzte bertan, hala nola, ahalegina, adiskidetasuna, inklusibitatea edo berdintasuna. Ariketa fisikoarekin lotutako ekintzak aurreikusi dituzte; tartean, ginkana olinpikoa.

Familia osoarentzako askotariko jarduerak izango ditu eta horiek gizarte etxe gehiena eta kanpoaldea jartuko dituzte. Barruan, kantxa nagusiaz gain, Jesus Ibañez de Matauco antzokia, igerilekua, elkartze-aretoa, tiro-gela, gimnasioa, tailerrak, erakusketa aretoa eta familientzako liburutegia ere erabili egingo dira.
  

Denera, 31 jarduera

Kanpoaldean, aerogiroa jarriko da, jauzietarako bigarren gune bat eta baita suhiltzaileen kamioi bat ere; sotoak multimedia jarduerak, scalextric, cockpit eta errealitate birtualaren gunea hartuko ditu; kantxak rappela, ohe elastikoak, baserri txirrista eta jarduera ezberdinetarako hainbat pista; tiro-gelan mini golfa izango da eta elkartze aretoan, besteak beste, txiki trena, psikomotrizitate gunea, eskulanak eta kirol mundua.  

Lehenengo solairuan,  berdintasun, birziklapen, aurpegia margotzeko, aniztasun eta sukaldaritza tailerrarekin batera, KZgunea izango dute eskura; eta bigarren solairuan, besteak beste, saskibaloia, futbol zelaia  eta multimedia jarduera gehiago.
Igerilekuan, azkenik, zortzi urtetik gorako haurrak baino ezin izango dira sartu; txirrista handia, piraguak eta txalupan eginiko ibilaldia izango dituzte gertu.

Euskaraz eta ingelesez

Ohikoa den moduan, ez dira ikuskizunak faltako gizarte etxeko antzokian; abenduaren 29ko Story Telling izeneko ingelesezko emanaldia izan ezik, gainerako beste zazpiak euskaraz izango dira, 18:00etan.
Bestalde, Gasteizko Udalak iragarri du abenduaren 28an odola emateko autobusa egongo dela kanpoaldean, 16:15etik 20:00etara bitartean.

2,5 eta 3 euro artean

Haur parkearen prezioari dagokionez, ordutegiaren araberakoa izango da. Goizean joaten diren umeek 2,5 euro ordaindu beharko dituzte sarrera bakoitzeko; eta arratsaldekoek, ostera, 3 euro. 14 urtetik gorako laguntzaileak, bestalde, euro baten truke sartu ahalko dira udal instalazioetan.

Gasteizko Udalak jakinarazi du parkearen kudeaketaz arduratzen den enpresak webgune bat duela sarrerak aldez aurretik erosi ahal izateko: www.eventos.grupodisport.es. Gaineratu du Internetetik erosten diren sarrerek lehentasuna izango dutela leihatilan erositakoen aurretik; leihatila eta informazio-lekua gizarte etxearen kanpoaldean jarriko direla ere adierazi du

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide