Gasteizko LGTBI mugimenduaren historia jaso dute dokumental batean

Erredakzioa 2018ko abe. 18a, 14:30
Dokumentalaren grabaketaren une bat. LUMAGORRI

Bide zuzenak, ibilbide okerrak lana abenduaren 28an aurkeztuko dute, Jimmy Jazz aretoan.

Gasteizko LGTBI mugimenduaren azken 25 urteetako historia biltzen duen dokumentala landu dute Lumagorri taldeak eta HalaBideok elkarlanean. Hurrengo abenduaren 28an aurkeztuko dute Jimmy Jazz aretoan, 18:30ean.

Amets Martinez de Hereditak ALEAri azaldu dio Bide zuzenak, ibilibide okerrak tituluan bildu dituztela 1994. urtetik kolektibo desberdinetan lan egin duten hamaika lagunen testigantzak. "Elkarrizketatu ditugu 1994tik hirian lan egin duten kolektibo eta ekimen guztiak, ALA, Gaytasuna, EHGAM, 7menos20, Lesgaytegia eta Sukubo. Jose Angel Cuerdak sustatutako bikoteen erregistroaren sorrerarekin hasten da historia, eta Sukuboren itxierarekin amaitzen da".

Dena dela, dokumentalak 70. hamarkadako gora-beherak ere bildu ditu. Hala, urte horietan hirian egon zen lehen EHGAMeko militante Kepa Mariakaren bizipenak jaso dituzte. Mariakak azaldu du garai horretan "armairua itzela zela", eta kalean ez zituztela inolako ekimenik egiten. Taldera hurbiltzen ziren homosexualei medikuek elektroshock tratamendua gomendatzen zietela kontatu du ere, eta oso ikusgaitasun gutxi zutela.

Martinez de Heredita Luma Gorriko kideak azaldu duenez, hamarkada horietan homosexualek Gasteiztik kanpo alde egiten zuten, "hiri handietan bizitza errazagoa zelako". Gainera jazarpen handia izaten zuten; dokumentalean jasotzen den moduan,  1979. urtean Francis Vadillo trabestia hil zuen polizia batek Errenteriako Apolo diskotekan. 

Jose Angel Cuerda alkatea elkarrizketatu dute. LUMAGORRI

Ondoren, Cuerda alkateak bikoteen erregistroa sortu ondorengo garaia jaso du dokumentalak. "LGTBI mugimendua loratu zen, sortu ziren ALA lesbianen mugimendua eta Gaytasuna, eta kaleko ekimenak egiten hasi ziren, hasiera batean administrazioaren laguntzarekin eta gero laguntzarik gabe". Beranduago sortuko dira Gaztelesboz, 7menos20, Las Trans… "Esperientzia hauei esker, Gasteiz erreferente bilakatu zen, oinarrizko eskubideen eta sexu askatasunaren defentsan. 

Halaber, Martinez de Hereditaren esanetan, dokumentalak jaso du Gasteizko LGTBI mugimenduak egin duen ekarpen garrantzitsua: "Erresistentzia egon delako beste leku batzuetatik etortzen diren diskurtso kapitalisten eta baztertzaileen aurrean".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide