Hamabi urte daramatzate Biocompost enpresako langileek Jundizko hiri hondakin solidoen planta kudeatzen. Aurten jakin dute enpresak ez dituela plantaren ustiaketarako lehiaketan eskainitako lan-baldintzak bete. Hala ere, esleipen kontratuan zehaztutako kanon ekonomikoa jaso dute Gasteizko Udaletik, hain zuzen urtean zortzi milioi euro. Gauzak horrela, bidezko lan hitzarmen baten alde greba mugagabea egitea erabaki dute langileek, abenduaren 26tik aurrera.
Aldi Baterako Enpresa Elkartea erdi bana osatzen dute Ferrovialek eta FCCk. LAB sindikatuak salatu duenez, 2006an bere jarduera hasi zuenetik, enpresak unilateralki ezarri die langileei Hondakinak Berreskuratzeko Estatu Mailako Hitzarmena, Gardelegiko zabortegiko hitzarmeneko baldintzak ezarri beharrean. Hortaz, besteak beste, urteko 188 ordu gehiago lan egin ditu langile bakoitzak, %12 gehiago.
Halaber, enpresak Udaletik jasotzen duen kanonaren %22,5a langile-gastuetara bideratu beharko lituzke, baina hamabi urte hauetan 2,5 milioi euroko murrizketa egin dute atal horretan. Hala, LABek nabarmendu duenez, langileen erdiek baino gehiagok 900 euroko soldata jasotzen dute, "zaborrekin harreman zuzena duen lan neketsu batengatik".
Aniztasun funtzionala duten langileen enplegagarritasun ratioak, familia-baimenak, norbere kontuetarako egunak, lanpostua gordeta egindako eszedentziak, erretiroagatiko primak eta beste hainbat eskubide ere ez dira betetzen ari.