Biomasa erabiliko dute Gasteizko udal galdarak berotzeko

Erredakzioa 2018ko abe. 17a, 14:11
Udal galdaretan 500 tona ezpal erabiltzea aurreikusi dute. /Alea

Lehenengo proba egingo dute, Gasteizko galdaretan 500 tona ezpal baliatuta.

Gasteizko Udalak biomasa estrategia bat onartu du gaur goizean, udalerriko mendi publikoen baso-biomasaren energia bertan aprobetxatzeko, "klima aldaketarekiko egokitzapena, energia-eraginkortasuna eta basoen kudeaketa iraunkorra irizpidetzat hartuta". Ingurumen Sailak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzuak koordinatutako epe luzerako planaren barruan Udalak sustatuko duen lehen neurria proiektu pilotu bat izango da, 500 tona baso-biomasaren errendimendua Gasteizko udalerriko galdaretan probatzeko. Udaletik azaldutakoaren arabera, hirian kontsumitzen den energia sortzeko ezpalak baliatzearen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertzeko ere balioko du 2019an egitekoa den probak. "Hasierako proba horrek benetako informazioa emango digu eredu berriaren funtzionamenduaz, eta etorkizunerako erabaki estrategikoak hartzen lagunduko digu", azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gaur egun, Udalak 13 biomasa-galdara ditu hainbat instalaziotan, eta 1.575 tona pellet baliatzen dira horietan. Datozen urteetan diesel eta gasetik biomasara alda daitezkeen beste 24 instalazio identifikatu ditu Udalak. SmartEnCity proiektuak ere biomasaz elikatutako galdara komunitarioa barne hartzen du.

Hori guztia kontuan izanik, udalerrian orain kontsumitzen diren 2.200 tona biomasatik 10.000 tonara igaroko litzateke "epe ertain batean". "Horri gehitzen badiogu Gasteizek 12.000 hektarea baso eta mendi dituela, ikusiko dugu hiriak potentzial handia duela biomasa erregai gisa kontsumitzeko", esan du Gasteizko alkateak.

2019an egitekoa den proiektu pilotuan udal instalazioetako galdaretan 500 tona ezpal erabiltzea aurreikusi dute. Lehenengo fasean, merkatuan eskuragarri dauden kalitateko ezpalak erabiliko dira galdaretan probatzeko. Aldi berean, egurra aterako da Udalaren jabetzako mendietatik, kalitateko ezpalak ekoiztearren. Atera, garraiatu, biltegiratu, xehatu eta lehortu ondoren, tokiko ezpala galdaretan probatuko dute. Udalak bere jabetzako konifero basoak identifikatu ditu Gasteizko Mendietan, eta horietatik 360 tona atera litezke datozen bi urteetan. Beste iturri batzuk ere erabil litezke, berdeguneen eta Eraztun Berdearen mantentze-lanetatik lortutako egur hondarrak, esaterako.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide