Hiru gizon atxilotu dituzte genero indarkeriagatik

Erredakzioa 2018ko abe. 17a, 14:23

Udaltzainek bi emakume ospitalera eraman dituzte zauriak sendatzeko.

Gasteizko Udaltzaingoak hiru gizon atxilotu zituen abenduaren 16an, genero indarkeria delituak egitea leporatuta. Erasoen ondorioz, bi emakume ospitalera eraman behar izan dituzte eginiko zauriak sendatzeko. Atxilotutako gizonak epailearen esku utzi dituzte, gaur goizean.

Lehen atxiloketa Zaramaga auzoan egin zuten. Poliziaren oharraren arabera, 08:15ean telefono dei bat jaso zuten, auzoko etxe batean borroka bat gertatzen ari zelako. 24 urteko gizon batek diskoteka batean bikotea jipoitu ostean etxera joan zen, eta bertan koinatuekin eta biktimaren amarekin borrokan hasi zen eta haiek ere jipoitu zituen.

Arratsaldean, berriz, beste gizon bat atxilotu zuten, 32 urtekoa, Ariznabarra auzoko etxe batean. Poliziak etxera joan zirenean, onetik zeharo irtenda aurkitu zuten gizona. Jasotako lekukotzen arabera, bikotearekin liskarra izan ostean, emakumea iraindu eta jipoitu zuen. 

Ordu bete beranduago, 17:00etan, 47 urteko beste gizon bat atxilotu behar izan zuen Udaltzaingoak, etxe baten atea apurtu eta barrura sartzen saiatu eta gero. Emaztea eta adin txikiko seme-alabak etxe barruan ziren, eta emakumeak ez zuen gizona etxean sartu zedin, eraso-jarrera zuelako. Atxiloketaren unean gizonak mehatxu bat baino gehiago egin zizkion biktimari.

Laugarren eraso bat

Halaber, iragan abenduaren 7an udaltzainek 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, bikotekideari eraso egitea leporatuta. 

Gertaerak 05:30ak aldera gertatu ziren, zaintza-lanetan zebilen patruila bat Alde Zaharreko kale batera bertaratzea eskatu zutenean; izan ere, antza, emakume bat erasotzen ari ziren bertan. Udaltzainek ez zuten inor ikusi kalean, baina hurbil zegoen etxebizitza batetik zetozen oihuak entzun zituzten. Etxebizitza barruan emakume bat aurkitu zuten, eta bikotekidearekin eztabaidan aritu zela esan zien. Emakumeak zauri bat zuen sudurrean, eta seinale bat beso batean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide