Gasteizko Udalak 2018ko aurrekontuak luzatuko ditu; EAJ eta PSE-EE gutxiengoan ari dira gobernatzen, eta ez dute inor topatu beren aurrekontuak babesteko. Goizeko bederatzietan hasi beharra zeukan gobernu batzordeak eta gai ordenean 2019ko ekitaldirako aurrekontu orokorren eztabaida zen gai nagusia. Gorka Urtaranen udal gobernuak proposamena erretiratzea erabaki du azken momentuan.
Jakina zen adostasun batera iristea ia ezinezko zuela alkateak, eta, egoera hori aurreikusita, aurrekontu proposamena bertan behera uztea erabaki du. Horrenbestez, oposizioko taldeek prestatuta zeuzkaten zuzenketak batere eztabaidarik gabe geratu dira.
Hala, bigarren urtez luzatuko dira Gasteizko Udaleko aurrekontuak. EAJk legegintzaldiko lehen urtean bakarrik lortu zuen aurrekontuak onartzeko boto kopuru nahikoa; 2017an, berriz, konfidantzazko mozio bat gainditu ondoren lortu zuten aurrekontuek aurrera egitea, eta 2018an luzatu ziren Udaleko kontuak.
Oposizioaren erantzuna datozen orduetan ezagutaraziko dute talde politikoek, baina haserrea erakutsi dute hasiera batean erabaki honen aurrean, zuzenketen eztabaida bertan behera geratu delako.
Zigorra
Arabako Batzar Nagusiek, Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren bitartez, zigorra jar lezakete aurrekontuak erretiratzeagatik. Batere eztabaidarik gabe aurrekontuak atzera bota eta aurkeztu gabe geratzen diren kasuetan, Udalari egin beharreko ordainketen %15a geldiarazi dezake hain zuzen.