Jazarpen sindikala salatu du LABek Jardines de Uletan

Erredakzioa 2018ko abe. 13a, 17:08

Kontzentrazioa egin dute hotelaren aurrean eguerdian.

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur Jardines de Uleta hotelaren aurrean, Jazarpen sindikalari STOP lelopean. Sindikatuak salatu duenez, hauteskunde sindikaletan LABen izenean aurkeztu zen pertsona kaleratu du enpresak jazarpen luzearen ostean. "Pasa den irailean, hoteleko langile batzuk LABekin harremanetan jarri ziren bertako zuzendaritza lan eskubideak urratzen ari zelako eta langileen artean zabalduta zegoen beldurrari aurre egiteko".

Azkenik, sindikatuak hauteskundeak deitzea lortu zuen, "baina enpresak hainbat mugimendu egin zituen LABen hautagaitza oztopatzeko eta bere interesen aldeko hautagaia ere bilatu zuten; eta honen ondorioz, enpresaren aldeko hautagaiak irabazi zuen". Ondoren, LAB sindikatuaren arabera, bere hautagaiaren aurkako jazarpena hasi zuen Jardines de Uletako zuzendaritzak, adibidez lan kategoria jaisten saiatuz. "Langileak uko egin zion, eta handik gutxira kaleratu zuten".

LABek Jardines de Uleta hotelaren aurrean salaketa dinamika bat hasiko duela iragarri du, eta deia egin du hotelera ez joateko "bere langileak esplotatzen eta jazartzen jarraitzen duen bitartean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago