Ziurrenik asko izango dira oparitxoren bat edo beste azken ordurako uzteko ohitura dutenak. Zorte onekoak dira horiek, Gasteizko Probintzia plazan dagoeneko zabalik dagoen Lan Ta Lan Gabonetako artisautza azokan kalitatezko askotariko produktu bakarrak topatuko dituztelako. Besteak beste, ehungintza, beira, larrugintza, bitxigintza, papera, zura, papera, brontze, argiteria, buztingintza edota kosmetikarekin lotuta Artisauk, Arabako Artisau Elkarteak, aurten jarritako 26 postutan denetarik aurkituko dute urtarrilaren 6ra arte.
Sonia Sanz Diez artisauak urteak daramatza erakusleihoan parte hartzen eta baita antolatzen ere; azokak berak 22 urte betetzen ditu aurten. Azaldu du bertan parte hartzen dutenen erdia arabarrak direla; zehazki, artisautza ogibide duten eta elkarteko kide diren arabarrak. Baina, azpimarratu du "jatorriari eta produktuen jasangarritasunari" ez ezik, kalitateari ere "lehentasuna" ematen diotela azokako parte-hartzaileak aukeratzerako orduan, eta horregatik inguruko herrialdeetatik zein Espainiatik iritsitako eskaintza ere badagoela tartean.
Hitzordu garrantzitsua da Gabonetako artisautza azoka, Sanzek nabarmendu duenez, gehienez urte osoko salmenten "%30 eta %40 artekoa" suposatzen duelako; eta, hortaz, asko dira izena ematen dutenak; aukeratuak, baina, 26 baino ez dira izan. Batzuek salmentei erreparatuta ematen dute izena, eta beste batzuek, berriz, urterako kontaktuak bilatzeko asmoarekin egiten dute; Gasteizko Zapatari kalean Tintatelas tailerra gidatzen duen Charo Gonzalez Molina da horietako bat: "Azoketan saldu egiten da, baina horrez gain, badago jendea interesa agertu bai baino gero ezer erostera ausartzen ez dena. Kontaktua duen txartela ematen diet eta batzuk gerora jartzen dira harremanetan", azaldu du.
Zuzeneko musika
Askotariko artisautza ikusteko aukera emateaz gain, kontzertuak ere topatuko dituzte bisitariek; hain justu, hiru dira aurreikusita dauden emanaldiak: ostiralean, abenduak 21, Aryada taldeak girotuko du azoka; hilaren 28an, Bohemien hirukoteak; eta urtarrilaren 4an, Botxo Boogiesek. Kontzertu guztiak 19:30ean hasiko dira.
Postuetako produktu eta kontzertuekin batera, Arabako Diputazioak deitutako Blas Arratibel artisautza lehiaketa irabazi duten Oier Elorduiren Sarraila, Irantzu Ciervideren Lozen eta Maria Rosa Abalosen Jairako prest lanak ere badaude toki berean ikusgai honako ordutegian: goizean, 11:00etatik 14:00etara; eta arratsaldez, 17:00etatik 21:00etara. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da.
Oihana Santamaria: "Araban ez dira aintzat hartzen artisauen azokak"
Hamaika urte pasa dira Jaboneria de la Almendrako Oihana Santamaria azokan parte hartzen hasi zenetik. Hasierako "ezjakintasuna" gainditu ostean, gaur egun bezeroen eskaerak nondik nora doazen badaki: "Antolatzen ikasi dut, ezagutzen dut eta jendeak nahi duena; bereziki oparitzeko kutxak eskatzen dituzte azokan; urteari begira, horrek ematen dit aukera produktuak ezagutarazteko: xaboiak, ukenduak edo Añanako gatzak, esaterako", azaldu du. Horren harira, azpimarratu du Artisautik "esfortzu handia" egiten dela tokiko artisauak merkatuan sartzeko.
Araba mailan, Gabonetako artisautza azoka garrantzitsuenetarikoa dela uste du:"Hasieran, banuen azoketara joateko ohitura; baina, bi kenduta, ez nuen asko saldu. Ez dira aintzat hartzen, eta gainera, birsalmentarekin nahasten dira. Eta horrela, zaila da", esan du. Azokaren bueltan hausnarketa egin beharko litzatekeela uste du: "Gaur egungo azoka askok zirkua ematen dute, eta horrek jendea nahasten du. Bultzada eman behar zaie benetako azokei", aipatu du.
Horrekin batera, erakundeen "inplikazioa" eskatu du; esaterako, Gabonetako azokan partu hartu ahal izateko elkarteak azken zortzi urteotan eman dituen hasiberrientzako bekak lagunduz.