Gasteizen kokatuko den Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroak ez ditu 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak tiroz hildako bost langileak oroituko. Hala adierazi du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sancehezek Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentro Fundazioaren patronatuaren bileran. La Moncloa jauregian iragan astean izandako bilkura horretan Gasteizko alkate Gorka Urtaranek proposatu zuen eraikinak pertsona horien eta haien senideen aitorpen eta oroimenerako espazio bat izatea; baina atzera bota dute proposamena.
Bere aldetik, Martxoaren 3ko biktimen elkartea oso kritiko agertu da hasieratik memorialaren izaerarekin, izan ere zentroan ez dira estatuaren indarkeriaren biktima guztiak kontuan hartuko. "Estatu terrorismoaren milaka biktima baztertzen dituen egitasmoa da, eta auzia ez da konpontzen Martxoak 3ko biktimak barne hartuta. Gu inpunitatearen ereduaren icebergaren tontorra gara" adierazi dute azken egunetan.
Haserrea
Bestalde, La Moncloako bilkuraren harira Gasteizko udalak izaniko jarrerak eta egindako adierazpenek Martxoak 3ko biktimen elkartearen haserrea piztu dute; eta gogoratu dute ez direla "inoren komunikazio-marketinaren merkantziak".