Izaskun Arrue andereñoari buruzko liburua idatzi du Miel A. Elustondok

Erredakzioa 2018ko abe. 4a, 13:48
Izaskun Arrue andereñoari buruzko liburua aurkeztu dute gaur. GASTEIZKO UDALA

Araban euskalduntzea sustatzen hasi zen garaia ere aztertzen du argitalpenak.

Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak Izaskun Arrueren urratsen atzetik liburua argitaratu dute, Miel A. Elustondok idatzia. Lan berriarekin omenaldia egin nahi zaie, batetik, XX. mendearen hasieran Gasteizen umeak euskaraz eskolaratzea sustatu zutenei, eta, bestetik, Gasteizko lehenengo andereñoa bezala ezagutzen denari. Araban euskalduntzea sustatzen hasi zen garaia ere aztertzen du argitalpenak.

Liburuak jasotzen duenez, 1963 abenduaren 4an hasi zen Izaskun Arrue euskaraz eskolak ematen ume talde txiki bati, bere etxean bertan (Zerkabarren kaleko 9.ean). Erregistroen arabera, garai hartan Gasteizen euskararen alde egindako lehen jardueretako bat izan zen hori, eta euskara berreskuratzeko mugimenduaren hazietako bat. Gerra aurretik euskara ikasten hasi ziren pertsonen garrantzia ahaztu gabe, jakina. Haien seme-alabak izan ziren Arrueren lehen ikasleak, hain zuzen.

Arrueren figura abiapuntutzat hartuta, azken hamarkadetan Arabako eta Gasteizko euskararen historia laburtu du Elustondok. Hainbat protagonistaren berri eman du gainera: Pilar Landaburu, Andoni Perez Cuadrado, Isabel Lopez de Uralde, Pedro Anitua, Ramon Narbaiza, Peli Romarategi, Andoni Urrestarazu, Peli Presa, Peli Martin, Juan Enekotegi, Jose Antonio Arriola, Teresa Urrestarazu, Rafa Etxegarai, Felix Razkin, Pako Eizagirre, Jose Maria Allur, Pruden Sudupe, Eusebio Osa…  Baita zenbait proiekturen eta lekuren berri ere: Errepublikako ikastola, Ramiro de Maeztu, apaizgaitegia, Estibalizko santutegia, Jesus Obrero…

Arrue hil zenean, 2016an, sortu zen liburua argitaratzeko ideia, eta orduan hasi zen egilea haren istorioak aztertzen. Izaskun Arrueren urratsen atzetik liburuan jaso dira orain, 120 orrialdetan eta koloretako argazkiez hornituta; 12 euroan jarriko da salgai liburu-dendetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide