Jazz Uhinak programaren XIII. edizioak Paco de Lucia omenduko du

Erredakzioa 2018ko abe. 4a, 12:19
Paco de Lucia omenduko dute Jazz Uhinak ekimenaren barruan.

Abenduaren 18an hasiko dira kontzertuak, eta maiatzaren 7an amaituko.

Jazzaldiak antolatzen duen Jazz Uhinak Hirian Barrena programaren XIII. edizioak Paco de Lucia gitarra-jotzaile ospetsua omenduko du; hilondoko Ohorezko Makila jasotzeaz gain, Goya saria jaso zuen Paco de Lucía: la búsqueda bere bizitzari buruzko dokumentala proiektatuko dute.

Abenduaren 18an ekingo zaio jaialdiari, Kart Rosenwinkelen entzunaldiarekin; urtarrilaren 22an, berriz, Julian Maesoren txanda izango da; otsailaren 26an Jon Urrutiarena; apirilaren 9an Udal Musika Eskolako Big Band eta Guridi Big Band taldeek joko dute; eta maiatzaren 7an Ksenia Parkhatskayak itxiko du jaialdia. 

Martxoaren 11n Paco de Lucía: la búsqueda dokumentala proiektatuko dute, eta Curro Sánchez Varela dokumentalaren zuzendari eta gitarra-jotzailearen semeak aurkeztuko du. Bestalde, hilaren 12an Udal Musika Eskolaren eta Jesus Guridi musika-kontserbatorioaren konboek hilondoko 2019ko Ohorezko Makila emango diote Paco de Luciari.

Paco de Luciarekin batera, Roger Blàvia musikaria ere omenduko du Jazz Uhinakek. Halaber, kazetariek, historialariek eta musikariek komentatutako kontzertuaren formatua berreskuratuko dute, eta, nobedadeen artean, azken bost edizioen bilduma-diskoa editatuko dute. Diskoaren irabaziekin, berriz, datorren urteko edizioaren lehenengo kontzertua finantzatuko dute; ikus-entzuleen kontzertua, hain zuzen ere.

Musika Adierazpenaren programa

Udal Hezkuntza zerbitzuaren Musika Adierazpena programako 'Klasedun musika' proiektuaren barruan dago Jazz Uhinak Hirian Barrena ekimena. Hala, aurten, 79 hezkuntza-zentrotako 30.000 ikasle inguru igaroko dira programatik –Haur Hezkuntzako 4.284, Lehen Hezkuntzako 22.976 eta Bigarren Hezkuntzako 2.861–.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide