2019an, Gasteizek LGTBIfobiaren kontrako behatokia izango du, berdintasunaren agenda aurkezteko Gorka Urtaran alkateak egindako iragarpenaren arabera. Hiriko LGTBI kolektiboen eskariz sortu da behatokia; tresna berri horren bitartez, LGTBI elkarteekin batera zehaztuko dira LGTBI pertsonei zuzendutako informazioa, kontzientziazioa, prebentzioa, detekzioa, bideratzea eta arreta hobetzeko jarraibideak.
Horretaz gain, lesbianen kontrako berariazko indarkeriarekin lotutako arreta, babes eta sostengu psikologiko eta juridikoa emateko programak hobetzeko neurriak proposatu eta diseinatuko dituzte, LGTBI elkarteekin batera.
Behatokia martxan jartzeaz batera, beste hainbat ekinaldiren artean, ikuspegi intersekzionala duen mapa bat landuko dute, LGTBI pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen alderdi eta ibilbideak identifikatzeko. Hiriko hainbat lekutan cruising egiten duten pertsonei babesa eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea ere aurreikusi dute.