Udalak kosta ahala kosta kokatu nahi du ardogintzaren zentroa Zuluetan

Erredakzioa 2018ko aza. 30a, 13:17
Elvira Zulueta jauregian egin nahi du Udalak proiektua. PHOT.OK

Hirugarren aldiz aterako dute enkantera proiektua, aurreko bietan esleitu gabe geratu baitzen. 

Kosta ahala kosta Elvira Zulueta jauregian kokatu nahi du Gasteizko Udalak Arabako ardogintzaren zentroa. Hala, udal gobernuak gaur erabaki du proiektua berriro lizitatzea, eta argi azaldu du Gasteiz Arabako Errioxako sarrerako atea bihurtzea dela zentroaren xedea. Hirugarren aldia da zentroaren proiektua enkante-lehiaketara ateratzen dela. Aurreko bietan ez zen proposamenik aurkeztu.

Arabako Errioxatik etorri zaizkion kritikak ere albo batera utzi ditu Gasteizko udal gobernuak. Izan ere, Arabako Errioxako Lezako Mahaian bildutako lagunek aspaldi salatu dute Errioxa marka "bahitu" nahi duela Gorka Urtaran alkateak hiriburua sustatzeko, eta Gasteizko zentralismoa salatu dute.

Udalak iragarri duenez, planteatzen diren jarduera-programen kalitatea hartuko da kontuan bereziki proiektua gauzatzeko lehiaketara aurkezten diren proposamenak balioesteko orduan. Halaber, urtean gutxienez 34.532 euroko kanona ordaindu beharko du zentroa kudeatu nahi duenak.

Ardogintzaren zentroarekin batik bat Gasteizko alde turistikoa bultzatu nahi du Udalak: "Asmoa da nazioartean onarpen handia duen tokiko produktu bat nabarmentzea, upategiak eta ostalaritza babestea, eta produktu horren eskutik hiria bultzatu eta Gasteizen dinamizazio turistiko eta ekonomikoan laguntzea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide