Berrituta dator Ardoarabaren XIII. edizioa

Erredakzioa 2018ko abe. 5a, 10:26
Iazko Ardoarabaren irudi bat. GASTEIZ ON

Berrogeita hamar bat upeltegi parte hartuko dute abenduaren 5etik 9ra ospatuko den ardoaren inguruko azokan.

Ardoarabaren XIII. azoka abenduaren 5etik 8ra zabalik izango da hiru tokitan: Probintzia plazan, Matxete plazan eta Foru plazan. Jaiegunetan 12:30etik 15:00etara, eta 19:00etatik 22:30era izango da. Lanegunetan, 19:00etatik 22:30era. Igandean, abenduaren 9an ere izango dira bestelako jarduerak gastronomia eta ardoaren inguruan.

Guztira, ehun ardotik gora dastatu ahalko dira espazio hauetan. Hamabost ekoizle izango dira Arabako Errioxa sor-markatik, sei Arabako Txakolinatik eta bi Arabako Sagardotik. Arabako Sagardogileen Elkarteak sagar-zukua ere eskainiko die bertaratzen diren haurrei eta alkoholik kontsumitzen ez duten pertsonei. Halaber, Rias Baixas eta Cava jatorri-deitura gonbidatu dituzte Ardoarabara.

Txoko Gastronomikoa indartuko da

Eskaintza gastronomikoak hamaika sukalde eta erakustoki bat izango ditu. Gainera, Foru plazako frontoiaren ondoan kokatuko den Txoko Gastronomikoa espazio didaktiko gisara zabalik egongo da, abenduaren 5etik 8ra. Haurrei zuzendutako jarduerak izango ditu goizez –egunero 12:30ean– eta bertako sukaldarien show cooking saioak arratsaldez, sotolariek azaldutako ardoen aurkezpenekin batera. Guztira, hamalau jarduera antolatuko dira zuzeneko sukaldaritza-saioen eta kalitateko euskal produktuen aurkezpenen artean. 

Ardoarabaren alderdi gastronomikoari Euskadiko Elikagaien Azoka gehituko zaio, abenduaren 6tik 8ra Urrezko Zeledoi plazan. HAZIrekin lankidetzan, azoka honek tokiko elikagaiak eta edariak eskainiko ditu, tailerrak eta dastatzeak antolatzeaz gain.

Bestelako jarduerak

Puzgarriak, jumpinga eta tren bat barne izango dituen haurrentzako  jolas-eremu bat ere egongo da Andre Maria Zuriaren plazan, abenduaren 5etik 9ra. Gainera, egun horietan bertan eta Caype Creativarekin lankidetzan, tailerrak antolatu dira, Gabonetako apaingarrien eta ardoz egindako xaboien inguruan. Jarduera hauek Alaba Jenerala kalearen 2. zenbakian egokitutako espazioan garatuko dira.

Azkenik, abenduaren 5etik 9ra ere, hiriko taberna eta jatetxeek ehun proposamen gastronomiko inguru eskainiko dituzte. Pintxo eta kazuelatxoez gain, hogeita hamar jatetxek menu bereziak prestatuko dituzte.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide