Gaueko zarata eta arazoez ohartarazteko kanpaina egingo du Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2018ko aza. 28a, 17:21
Annarita Faschetti aktoreak aurkeztuko du kanpaina, antzezpen labur batekin. / Gasteizko Udala

Herritarrek kontzientzia har dezaten, "Relaxpirina" sendagaia banatuko dute.

Gasteizko Alde Zaharreko eta erdiguneko biztanleen osasun akustikoak hobera egingo du, Relaxpirina Vitopharm sendagaiari esker. Hala jakinarazi dute Udaletik, eta botika bat gogorarazten duen produktua banatuko dutela iragarri dute, "herritarrek kontzientzia har dezaten gaueko aisialdiak dakartzan gehiegizko zaratez eta gizalegez kanpoko portaera batzuek sortzen dituzten arazoez". Relaxpirina Vitopharmen bi kutxa handi (1,20x1,80x0,60) jarri dituzte Aihotz plazaren sarreran, San Bizente aldaparen ondoan, Gasteizko gauaz gozatzen duten pertsonei arreta emateko, eta lau astetan "sendagai" horren 4.000 kaxa banatuko dituzte (gozokiak dira).  

Kalean jendetza biltzeak sortzen dituen arazoez eta asteburuetan gertatzen diren "gizalegez kanpoko portaerez" ohartarazi nahi dute kanpainaren bidez. Kanpainaren irudia belarriak estaltzen dituen zikoina da. Eta lema,  MesedezzZ. Hitz jokoak "mesedez" hitza eta lo dagoen pertsonaren onomatopeia (‘zzZ’) nahasten ditu. "Helarazi nahi dugun mezua oso argia da: ‘Isilik, mesedez, hemen jendea lotan dago eta’. Gaueko aisialdiak sortzen duen zaratari erreparatuko diogu bereziki, herritarren elkarbizitza eskatuz. Erdi Aroko hiriguneko bizilagunek zenbait lekutan jasaten duten zaratak loezina, antsietatea, estresa, digestio-arazoak, buruko minak, entzumen galera  eta beste eragin ditzake, eta aurre egiteko errezeta oso sinplea da: errespetatzea, egoki jokatzea. Parranda egin daiteke, gure hiriaz eta gaueko aisialdiaz disfrutatu, baina besteen atsedenari kalterik egin gabe", azaldu du Ingurumen eta Espazio Publikoko zinegotzi Iñaki Prusillak. 

Beste alde batetok, Udala Erdi Aroko hiriguneko Gaueko Aisialdi Arduratsurako Ekintza Plana lantzen ari da une honetan. Herritarrak eta inplikatutako gainerako agenteak ari dira parte hartzen prozesuan, eta ekintza plana urte amaierarako edo datorren urtearen hasierarako amaituta egotea aurreikusi dute. Agiriak auzo horren egoera akustikoa hobetzeko balioko du, eta segurtasuna eta zikintasuna ere kontuan hartuko ditu. Erdi Aroko hirigunean sortutako zarataren maparen arabera, 582 pertsonak jasaten dituzte egungo araudiak ezarritako kalitate akustikoaren helburuetatik gorako zarata-mailak. Batez ere, Zapatari, Aiztogile eta Mateo Moraza kaleetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide