alea.eus

Sexu eraso bat salatzeko kontzentrazioa deitu dute San Cristobalen

Erredakzioa 2018-11-27 14:22   Gizartea  Gasteiz

Gasteizko Mugimendu Feministak eta Hegoaldekoak auzo elkarteak deitu dute elkarretaratzea, 19:00etan, San Cristobal elizan.

Sexu eraso bat salatzeko kontzentrazioa deitu dute San Cristobalen
IGasteizen Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurka igandean jazo zen manifestazioaren irudi bat. HALA BEDI | Ikusi handiago | Argazki originala

Prostituzioan jarduten duen emakume bati San Cristobal auzoko etxebizitza batean sexu erasoa egin diotela salatu du Gasteizko Mugimendu Feministak. Erasoa larunbatean jazo zen. Feministek adierazi dutenez, ez da lehenbiziko aldia horrelako gertakari bat ematen dela hiriburuan, eta sexu eraso guztien aurrean bezala kalean erantzuteko beharra azpimarratu dute. 

Hala, Hegoaldekoak auzo elkartearekin batera kontzentrazioa deitu du Gasteizko Mugimendu Feministak gaur, 19:00etan San Cristobalgo elizan.

Genero indarkeriagatik atxilotua

Beste alde batetik, iragan asteazkenean 22 urteko gazte bat atxilotu zuen Gasteizko Udaltzaingoak, bikotekideari eraso egiteagatik. Poliziak jakinarazitakoaren arabera, 21:30 aldera, emakume batek Erdi Aroko hirigunean duen etxera polizia bertaratzea eskatu zuen, bikotekidearekin edukitako eztabaidan hark iraindu eta jo egin zuelako.

Udaltzainek, biktimaren azalpenei eta zauriei erreparatuta, erasotzailea atxilotu zuten. Beste patruila batek, bitartean, ospitale batera eraman zuen emakumea, lesioak arta ziezazkioten. Atxilotua epailearen aurrera eraman zuten.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa