'FemRIGHTS', emakumeen eskubideen urraketak agerian

Erredakzioa 2018ko aza. 26a, 18:25
Gaur aurkeztu dute erakusketa Montehermoso kulturgunean. KALEZ KALE

Unesco Etxeak eta Irantzu Lekuek aurkeztu dute erakusketa Montehermoso Kulturgunean.

Lau hilabete igaro dira Irantzu Lekuek FemRIGHTS egitasmoa abian jarri zuenetik, Unesco Etxearekin batera. Ordutik, kalean, Gasteizko auzoetan barna, zein estudioan egin du lan eta hilabete hauetako uzta aurkeztu du gasteiztarrak Montehermoso Kulturgunean. FemRIGHTS erakusketak emakumeen eskubideen urraketa jorratzen du, arte instalazio, eskultura, performance edo ikus-entzunezko sorkuntzen bidez. Gasteizko Udalaren "Giza eskubideak eta sorkuntza artistikoa" deialdia irabazi zuen Lekueren eta Unesco Etxearen proiektu honek. 

Montehermoso Jauregiko lehen solairu osoa -bost gela- hartu dituen erakusketa da. Jessica Dominguez Unesco Etxeako kultura arduradunak adierazi du erakusketak emakumea aldarrikatzen duela: "Historian kokatzen du, pairatutako biolentziak salatzen ditu, estereotipoei men egiten die, hausnarketa sustatzen du eta ikustezin izan direnak mahaigaineratzen ditu, emakumea ikustaraziz".

FemRIGHTS erakusketa sei pieza handiz osatutako mikro horma irudiarekin zabaltzen da. Hamabi metrotako lana da, eta lanaren oinarria horretarako propio sortutako parte-hartze dinamika bidez sortu dutela nabarmendu du artista arabarrak. "Erronka izan da denon artean giza eskubideak hizpide izango dituen artelana sortzea. Gero itzulpen artistikoa eman diot horri". Artelana Unesco Etxearekin batera osatutako argitalpen eta albisteekin osatu dute, indarkeria matxista hizpide.

Halaber, Heroi anonimoak eta Bekatu orijinala arte instalazioak nabarmentzen dira erakusketan. Lekuek 600 sagar "gorri eta distiratsu" kokatu ditu "edertasun estereotipoei, mendetasunari eta loturari buruz hausnarketa eragiteko". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide