Memoria Gararekin biltzeari uko egin dio gotzaiak

Erredakzioa 2018ko azaroaren 22a

Memoria Gara ekimenaren aurkezpena. ALEA

Abenduaren 1ean Memoria Garak mobilizazio "artistiko, originala eta parte-hartzaile bat" deitu du, San Frantzisko elizaren inguruan.

Memoria Gara ekimenak aditzera eman du Gasteizko gotzaiak, Juan Carlos Elizaldek, uko egin diola elkartearekin biltzeko eskaerari. "Elizbarrutia bezalako instituzio batek horrelako erabaki bat hartu izanak penatzen gaitu, ekimen herritarra eta anitza delako, aldarrikapen justua delako eta babes zabala duelako". Izan ere, ekimenak nabarmendu duenez dagoeneko change.org plataforman 2.000 sinaduratik gora jaso dituzte eta bederatzi sindikaturen babesa dute.

Bestetik, Memoria Gara ekimenak iragarri du abenduaren 1ean sinadurak biltzeko mahaiak jarriko dituela, eta eguerdian "mobilizazio originala, artistikoa eta parte-hartzailea" egingo dela San Frantzisko eliza inguratuz. Mobilizazioaren helburua da apezpikutzari eskatzea baimendu dezala Gasteizek leku hori memoriaren adierazgarritzat gordetzea. "Gure iritziz, elkarrizketarako borondatearekin herritarren eskaerari honi erantzun daiteke, eta gaur egun dagoen jaiotzen erakusketarako beste gune bat bilatu daiteke", esan dute plataformatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago