Salburua eta Zabalgana lotzeko tranbia jasotzen du Mugikortasun Iraunkorreko Planak

Erredakzioa 2018ko aza. 21a, 15:04
Gorka Urtaran eta Salvador Velilla planaren aurkezpenean.

Florida eta Manuel Iradier kaleak oinezkoentzako bihurtzea aurreikusten du hurrengo hilabeteetan eztabaidatuko den planak.

Trenbidea lurperatzeak libre utziko duen korridorean barrena Salburua eta Zabalgana lotzeko tranbia proposatzen du Gasteizko Mugikortasun Iraunkorrerako Planak, eta Florida eta Manuel Iradier kaleak oinezkoentzako bihurtzea. Hiriko alkateak eta Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziako zuzendari Salvador Ruedak aurkeztu dituzte gaur goizean agiriaren ildo nagusiak; hurrengo hilabeteetan prest egongo da, eta partaidetza-prozesu bat hasiko da. "2025 Estrategiaren ardatzetako bat da mugikortasuna, baita udal gobernuaren apustu nagusietako bat ere. Horregatik da hain inportantea agiri hau, gure mugikortasun-eredua definitzeko orduan hurrengo urteetan jarraitu behar". 

Aipatu bi neurrirekin batera, 'super-etxadien' sistema zabaltzen jarraitzea proposatzen du planak, oinez nahiz bizikletaz ibiltzeko lehentasunezko sareekin. Orduko hamar edo hogei kilometroko trafiko-abiadura izango duten eremuak izango dira horiek. "Garraio publiko eta kolektiboak, gainera, hobetu egin beharko ditu eskaintza, irisgarritasuna eta eraginkortasuna, intermodalitatea bultzatuz eta gasteiztarrei konponbide hobeak eskainiz. Ulertu beharra baitago mugikortasun-modurik demokratikoena oinez ibiltzea dela, gero garraio publikoa datorrela, horren atzetik bizikleta eta azkenik ibilgailu motorduna" esan du Ruedak.

Ekialdetik mendebaldera tranbia egitearen apustuak ekarriko luke gurutze-formako bi tranbia-ardatz osatzea Gasteizen: Hegoaldetik –unibertsitatea, Dato kaleko etorkizuneko geltokia– iparraldera –Ibaiondo, Abetxuku–, batetik, eta Salburutik Zabalganera, bestetik. Horretarako, lehenik Salburu aldera aurreikusitako luzapena egin beharko litzateke, eta gero Zabalganera. Gainera, bi adar planteatuko lirateke –Mariturri edo Jundizeraino, lehenengoan, eta Salburuaren iparralderaino eta Arkaiateraino bigarrenean–. 

Tranbiaren eta bus azkarraren garapenaz gain, hainbat aldakuntza proposatzen dira TUVISAren sarean. Berrikuntza nagusia autobus-linea berri baten sortzea litzateke, zeinek aukera emango baitu Salburua eta Zabalgana iparraldetik lotzeko, intereseko puntuak konektatuz, hala nola Txagorritxu ospitalea, autobus-geltokia eta Boulevarda. 1, 3, 5, 8 eta 9. lineetan ere hainbat aldakuntza proposatuko bide dira. Aldi berean, Jundizerako garraioa hobetzeko sistema bat ezarriko da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide