Udal ordezkariek Astegietan jasandako mehatxuak eta erasoak salatu ditu Udalak

Erredakzioa 2018ko azaroaren 19a

Manzanares Cortes familiaren aldeko mobilizazio bat.

Manzanares Cortes familiarekin batera etxebizitzara bisita egin zuten udal ordezkariek ostiralean.

Gasteizko Udalak indarkeria eta mehatxuen kontrako adierazpen instituzionala adostu du iragan ostiralean Astegietan jazo ziren gertakizunen aurrean. "Gasteizko Udalaren ordezkaritza batek, Manzanares Cortes familiarekin batera, bisita bat egin zuen Alokabidek adjudikatutako etxebizitzara. Bisita egin zen bitartean, lagun ugari atarian bildu ziren, eta bisitariak handik irtetean auzokide batek gasolina txanbil bat gainetik bota eta alkateordeari oldartu zitzaion, sua emateko asmoz. Zorionez, Udaltzaingoaren presentziak ezbeharra ekidin zuen". Gainera, beste bizilagun batek "mehatxu larriak eta irain homofoboak bota zituen alkateordearen kontra. 

Gertakizunak gaitzetsi ditu Udalak, eta ohartarazi du "delituzkoak diren jarrera bortitz guztiak" geldituko dituela. Udalak jarrera xenofoboak eta homofoboak arbuiatu ditu, eta elkartasun osoa erakutsi die ostiraleko bisitan parte hartu zuten udal agintariei eta alkateorde Peio Lopez de Munaini. Udalak elkarbizitza baketsuaren aldeko konpromisoa berretsi du, "bakearen kulturan eta aniztasunaren aitorpenean oinarrituta". Halaber, azpimarratu du gasteiztarren arteko harremanak kudeatzeko ardatzak oinarrizko eskubideak, aukera berdintasuna eta jokaera bidezkoa direla.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago