Pedro Martinez kalera, Perasovic berriz ere aulkira

Aritz Martinez de Luna 2018ko aza. 16a, 21:18
Azkenengoz 15/16 denboraldian zuzendu zuen taldea Perasovicek. /Baskonia

Euroligako azken porrotak Pedro Martinezen ordezkoa bilatzera bultzatu du Baskoniako zuzendaritza. Bihartik aurrera Velimir Perasovicek hartuko du taldearen gidaritza.

Esperantza handiak ditu aurtengoan Baskoniako zuzendaritzak. Joxean Kerejetak aspalditik begiz jota izan du Finalfour entzutetsua Gasteizen ospatzea, eta aurtengoan horrela izanik, Baskonia bertan egon dadin bere esku dagoen guztia egiteko prest dagoela argi utzi du.

Taldeak, aldiz, ez du maila nahikorik erakutsi orain arte jokatutako zazpi partidetan, eta bi garaipen erdiestea besterik ez du lortu. Sailkapenean hamaikagarren postuan dago gaur egun, eta zortzi onenen artean sailkatzeko ezinbestean irauli behar du egoera.

Itxuraz, Pedro Martinezek  zuzendaritzaren konfiantza izan du orain arte. Iazkoan, taldea denboraldia hasita zegoela hartu zuen, Prigioniren ordez, eta emaitza onak lortu zituen: euroligan playoffak jokatzeko txartela eskuratu eta ligan txapeldunorde izan ziren Real Madrilen kontra finala galdu ostean.

Aurtengoan berriz, ligan ez bezala, ez du denboraldia sasoiko hasi euroligan, eta hori da hain zuzen Joxean Kerejetaren harri bitxia. Ezustekoan hartu du erabakia, Pedro Martinez kalera eta Velimir Perasovic ezagun zaharra berriz ere "etxera".

Jokalari ohiak ondo ezagutzen du taldea eta azkenengoz 15/16 denboraldian zuzendu zuen taldea. Denboraldi hartan, Finalfourrerako txartela lortu zuten gasteiztarrek, eta aurtengoan ere hori da jomuga.

Bihar iritsiko da Perasovic Gasteizera, eta igandean bertan zuzenduko du taldearen lehen partida Herbalife Gran Canariaren kontra.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide