107 langilerentzat behin-behineko erregulazio espedientea iragarri du Auriak

Erredakzioa 2018ko aza. 14a, 12:04

Gasteizko Mendigorritxu kalean dago Auria enpresa.

Mercedes Benz enpresaren ibilgailuetarako moketazko zoruak eta oihalezko alboetako panelak egiten ditu.

Mercedes Benz enpresako hornitzailea den Auria Solutions enpresak behin-behineko erregulazio espedientea ezarriko du, azaroaren 19tik abenduaren 31ra bitartean. Espedienteak langile guztiei eragiten die; 107 dira guztira. Alde sozialarekin adostu gabe aurrera egingo du espedienteak; eta LAB sindikatuak salatu duenez dieselaren arazoaren "aitzakia" erabili du enpresak espedientea ezartzeko. 

"Orain arte itzelezko ahalegina egin dute langileek, larunbateko lanarekin, oporren aldaketarekin, lan-erritmo itogarriak, ogitarterako atsedenaldian errotazioekin, eta abar. Auriak aukera du antolaketa aldetik beste neurri batzuk hartzeko. Ez da bidezkoa beti langileok ordaintzea egoeraren ondorioak".

Dieselaren inguruan dauden zalantza eta tirabirak lan baldintzak are gehiago murriztearen arriskuaz ohartarazi du LABek. "Gure lan-baldintzak prekarizatuz euren irabaziak handitzen eta gobernuak diru-laguntza handiak eskuratzeko presionatzen dituzten bitartean, langileen lan-baldintzak okertzen dituzte. Onartezina da langileok gure langabezia eta diru publikoarekin ordaintzea diesel motorren iruzur berri hau".

Egoerari aurre egiteko mobilizazioak proposatuko ditu sindikatuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago