Sexu jazarpenagatik salatu du Gasteizko Vendetta kafetegiko jabea bertako langile ohi batek. EFE albiste agentziak CNT sindikatuaren salaketa jasoaz zabaldu duenez, urriaren 3an lanean hasi zen emakumea Zabalgana auzoko kafetegian, eta berehala, urriaren 12an hain zuzen, lana utzi behar izan zuen, jabeak egindako sexu erasoengatik.
Langileak Udaltzaingoaren aurrean salatu duenez, ukituak eta hitzezko sexu erasoak egin zizkion kafetegiko jabeak, eta harekin afaltzearen truke egun libreak eskaini zizkion. Udaltzaingoak indarkeria matxistaren kontrako protokoloa martxan jarri du.
CNT sindikatuak, bere aldetik, kontzentrazioa deitu du azaroaren 16an, ostiralean, Zuazo Ataria kalean dagoen Vendetta kafetegiaren aurrean, 19:30ean. "Emakumeen kontrako diskriminazio eta indarkeria kasu berri baten aurrean gaude. Sistema heteropatriarkalaren indarkeria estrukturalak dimentsio ezberdinak ditu, eta horietako bat sexu-jazarpena da. Halaber, sexu-jazarpenak lan arrisku erreala dela uste dugu eta emakume askok arrisku horrekin bizi gara gure lanpostuetan". Halaber, sindikatuak deia egin du salatutako kafetegian ez sartzeko.