'De Miguel' auzian, agerian geratu dira ordainketak

Mirian Biteri 2018ko aza. 8a, 10:29

Sidepur enpresako Josu Arrutik eta Construcciones Rierako Francesc Fernandezek asteon onartu dute Alfredo De Miguelek komisioak jaso zituela. 

Akusatuen lehen aitortzak entzun dira aste honetan De Miguel auziaren ahozko epaiketan. Sidepur enpresako administratzaile Josu Arruti izan zen EAJko Arabako diputatu ohi Alfredo De Miguelek komisioak jaso zituela onartu zuen lehena. Asteleheneko saioan  epailearen aurrean onartu zuen Construcciones Riera enpresako arduradunak 161.000 euroko komisioak ordaindu zizkiela berari eta De Migueli Zanbranan industrialdea eraikitzeko kudeaketa lanak egitearen truke.

Azaldu zuen 2005. urtean honako proposamena luzatu ziola politikari jeltzaleak: "Zer iruditzen zaizu zuretzat eta niretzat komisio bat eskatzen baduzu?". Asko zen jokoan zegoena: Zanbranan 120 hektareako lursail bat birkalifikatzeko eta industrialdea sortzeko proiekturako 65 milioi euroko inbertsioa egin behar zuen eraikuntza enpresak.

Saio berean, Josu Arrutik onartu zuen komisioaren aitortza egin zuela fiskalarekin akordioa lortu duelako kartzela zigorra murrizteko; fiskalak 19 urte eta 10 hilabete eskatzen zuen hasiera batean berarentzako.  
Egun bat lehenago Arrutik aitortutakoa berretsi zuen Construcciones Rierako arduradun Francesc Fernandez Jovialesek; berarentzat eta eraikuntza enpresa bereko bazkide Placid Casasentzat, zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak.

"Oztopoak gainditzeko"

Haren esanetan, Sidepurreko enpresariak komisioa eskatzean De Miguel proiektua aurrera ateratzeko balioko zuela jakinarazi zion: "Esan zidan proiektua dinamizatuko zuela, hain garrantzitsua eta epe luzekoa den proiektu batean egon daitezkeen oztopoak gainditzeko eta administrazioarekin harreman ona edukitzeko komenigarria zela ezagutzen zuen norbait izatea".

Fernandezek aitortu zuen zalantzan izan zirela. "Horren inbertsio handia egiten duzunean, 160.000 euro asko da, baina gutxi da dena hondoratu badezake. Niretzat orban bat da komisioa ordaindu izana». Haren hitzetan, Kataia Consulting enpresaren bidez ordaindu zen adostutako kopurua.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide