Gasteizera datoz euskal naturazaleak

Juanma Gallego 2018ko aza. 7a, 17:00
Aurreko edizioak Donostian egin dituzte, baina aurten Gasteiz aukeratu dute. / UEU

Natur Zientzien hirugarren topaketa egingo dute hilaren 17an eta 18an Europa Jauregian; besteak beste, herritarren zientzia, leizeak eta ibaiak jorratuko dituzte, eta ehizari buruzko ezbaiari ere helduko diote.

Aurrenekoz Gasteizen egingo dute euskal naturazaleak biltzen dituen topaketarik garrantzitsuena. UEU Udako Euskal Unibertsitateko Natur Zientziak sailak eta Euskal Natura taldeak antolatuta, gaiaren inguruan lan egiten duten edo naturarekiko zaletasuna duten euskaldunak bilduko ditu topaketak. Aurreko edizioak 2013an eta 2015ean egin dituzte, Donostian.

Sinbiosian da aurtengo hitzordurako aukeratu duten leloa, ekologian ohikoa den ikerketa gai bat metafora gisa hartuta. Antolatzaileen esanetan, erakundeetan lan egiten dutenak, unibertsitateko ikertzaileak eta natur taldeetako kideak sinbiosian aritzea sustatu nahi dute, aditu eta zaletu horiek guztiek elkarrekin gauza asko partekatzeko eta ikasteko modua dutelakoan.

Askotariko gaiak jorratuko dituzten arren, lau gaik hartuko dute protagonismo berezia hitzaldietan: zientzialari ez diren lagunen ekarpena jasotzen duen herritarren zientzia, ingurumen hezkuntza, ibaiak eta kobazuloak. Besteak beste, parte-hartzaileek lehen eskutik ezagutuko dute herritarren zientziaren arloan Gasteizen egin den lana, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko teknikari Asier Sarasuaren eskutik.

Lehen sektorearen garrantzia kontuan hartuta, egungo egoera aztertuko dute eztabaida saio batean, eta naturazale askoren artean hautsak harrotzen dituen gai bati ere helduko diote: ehizari buruzko mahai-inguru bat egingo dute. Programa osoa www.nztopaketa.eus webgunean dago ikusgai. Gasteizen aterpe hartuta, hiriak ingurumenaren alde egindako ekintzei "ikusgarritasuna" eman nahi izan diotela azaldu du

Aitor Salaberria Euskal Natura elkarteko eta UEUko kideak. Bestalde, Araban dauden beste profil batzuetako lagunengana iritsi nahi dutela nabarmendu du, hala nola ingurumen zientzietako ikasleak, Arkautiko edo Murgiako basozain eskolako irakasle zein ikasleak edota Jaurlaritzako ingurumen saileko teknikariak. Modu berean, "Gasteizko euskalgintzak egindako lana" aitortu nahi izan dutela dio Salaberriak.

Irteera Salburura

Igande arratsaldean, behin topaketaren saio formala amaituta, irteera egingo dute Salburuko hezegunera. Bertako paisaiaz gozatzeaz gain, ingurune horretako kudeaketarekin zerikusia duten hainbat gai landuko dituzte. Bestalde, bisoi europarraren (Mustela lutreola) egoera ezagutuko dute; Life Lutreola proiektuan lan egiten duen Iñaki Galdos kimikariak emango ditu gaiari buruzko azalpenak. Espeziea kinka larrian dago Europan, batez ere bisoi amerikarraren (Neovison vison) presioa dela eta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide