Korrikaren 21. edizioa izango da datorren urtean, apirilaren 4tik 14ra bitartean. Gares izango du abiapuntu eta Gasteizera iritsiko da lekukoa, Euskal Herri osoa zeharkatuz. Bertan jakingo da Korrikaren sekreturik handienekoa: lekuko barruan ehunka kilometro egin dituen mezuaren egilea.
AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikak Korrikak hasierako helburu bikoitzari eusten diola adierazi du; hots, babes ekonomikoa lortzea eta euskararen aldekotasuna sustatzea. Era berean, helduek euskara doan ikasteko aukera izan dezaten bideak zabaltzea aldarrikatu du.
Horrez gain, Euskaraldia ariketa soziala gogoan izan du: "Zinez sinesten dugu euskaltegietan, mintzapraktika egitasmoetan, enpresetan normalizazio planak dituzten langileen artean, milaka Ahobizi eta Belarriprest aterako direla".
Klika
Datorren urteko mezuari erreparatuta, Asier Amondo Korrikaren arduradunak azalpenak eman ditu: "Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea". Eta horixe dio 21. Korrikaren mezuak. Erabat lotuta dago, beraz, Euskaraldiarekin eta ohitura aldaketekin.
Horren harira, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zena omentzea erabaki dute edizio honetan. Euskara Batuaren sorreran funtsezko papera izateaz gain, hark ere Klika egin baitzuen bere garaian, eta jarrera aldaketa bultzatu zuen, besteak beste, kulturan, euskalgintzan eta politikan.