Azaroaren 23an egingo den osoko bilkuran monarkiari buruzko jarrera publiko bat hartu beharko dute Gasteizko udal taldeek, EH Bilduk iragarri baitu gaiaren harira mozioa aurkeztuko duela. "Euskal errepublika baloreen aldeko konpromisoa berretsi eta monarkia bezalako erakunde zaharkitu eta antidemokratiko baten abolizioa" eskatuko du mozioak, alderdi abertzaleak ohar batean zabaldu duenez.
Euskal Herriak espainiar konstituzioa "ez zuela onartu" gogoratu du Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak, eta "frankismotik eratorritako eredu politiko-instituzional horri" uko egin ziola dio. Espainia "agortuta dagoen estatua" dela babestu du Larrionek, eta "estaturik gabeko nazioen aldarrikapenei erantzun demokratikorik artikulatzeko" gai ez izatea leporatu dio Espainiari. Zentzu honetan, monarkia "nahitaezko laguntzailetzat" jo du alderdi abertzaleak, eta Kataluniako aferan Felipe VI.a erregeak agertutako jarrera gogora ekarri du.