Ezagutza askea zabaltzeko sarea

Juanma Gallego 2018ko urr. 31a, 11:38
60 bat lagunek parte hartu dute Goiuri jauregian egindako jardunaldietan. / WIKIMEDIA

Espainiako Wikimedia Elkarteko kideak Gasteizen bildu dira asteburuan, ezagutza librea sustatu nahi duen mugimenduaren nondik norakoak zehaztu eta erronka berrien inguruan hausnartzeko.

Kablez eta sarez beteta egon da asteburuan Gasteizko Goiuri jauregia. Kableak bai, baina sareak ez dira ikusten; ez WIFI sareak ezta pertsonen artean osatzen diren sareak ere. Berdin dio; tresna horien guztien bitartez  hedatu daiteke informazioa. Zabalpen hutsa ez da nahikoa, baina. Ezagutza horrek lagun ororen esku egon behar du. Horren alde lanean ari dira WMES Espainiako Wikimedia Elkarteko kideak. 2011n sortu zuten elkartea modu ofizialean, baina aurretik lau urte inguru zeramatzaten lanean Wikipedia proiektuaren inguruan bildutako boluntarioak. Egun, ehun bat kide dira elkartean.

Aurtengo bilkura Gasteizen egin dute, SPRI elkarteko Enpresa Digitaleko kide Aitor San Sebastiani esker. Hark proposatu zuen Gasteiz hartzea jardunaldiak egiteko lekutzat, WMES elkarteko kide Mentxu Ramilo Araujoren arabera. Saregune eta Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioaren laguntza izan dutela ere azpimarratu du Ramilo Araujok.

Orotara, 60 bat lagun bildu dira asteburuan. Horietatik, 20 bat Euskal Herrikoak dira, eta gainerakoak Espainiatik etorri dira.

Ramilo Araujo 2015. urtetik da WMES elkarteko kide, eta jardunaldi hauen prestaketan buru-belarri ibili da. Wikimedia fundazioaren helburu nagusiena ezagutza "pertsona ororen esku" jartzea dela azaldu du. Adituaren esanetan, norabide horretan "oraindik asko dago egiteko". Wikipediako sarrerak osatzeaz gain, "askotariko begiraden beharra" azpimarratu du adituak. "Wikipedia editatzen ohi duten pertsonak klase ertaineko gizonezkoak dira, Mendebaldean bizi direnak eta goi mailako ikasketak dituztenak". Hori dela eta, begirada zabaldu beharra dagoela uste du Ramilo Araujok, "historia, edo historiak, askotariko ikuspuntuetatik kontatua izan dadin".

Tresnak zabaldu

Norabide horretan, hiru erronka nagusi zehaztu ditu wikilariak. Lehenik eta behin, entziklopedia askean dagoena berrikustea eta gaurkotzea. "Wikipedian dagoena ez da perfektua, beti dago osatzeko eta hobetzeko aukera". Iturri fidagarriak erabiltzearen garrantzia azpimarratu du.

Bigarrenik, tresna hori ikasketa eta "eraikuntza kolektiboko espaziotzat" hartu behar dela iritzi dio Wikipediako boluntarioak. Gogoratu du ez dela guztiz zuzena esatea zerbait entziklopedia librean irakurri dela, baizik eta Wikipediako artikulu batek aipatutako erreferentzia batean.

Hirugarrenik, Wikipedian kolaboratzera hurbiltzen diren lagunei gertutasun gehiagorekin artatzeko erronka aipatu du. "Ezagutza guztia bildu nahi badugu, editoreen profilen aniztasuna handitu behar dugu". Azken erronka honi lotuta, 2015eko azarotik Euskal Herrian Wikiemakumeok egitasmoa garatzen ari direla gogoratu du Ramilo Araujok. "Honi esker, Wikipedia eta Wikimedia proiektuetan dagoen genero arraila txikitzen laguntzen ari gara".

Jardunaldietan hainbat osoko bilkura egin dituzte, eta, bertan, egun ezagutza librearen aldeko mugimenduak dituen erronkei buruz hausnartu dute. Wikipediaren barne funtzionamenduari buruz eztabaidatu dute, eta baita ezagutza librea lortzeko dauden zailtasunen inguruan ere, hezkuntza, hizkuntza eta generoa bezalako aldagaiak aintzat hartuta. Administrazio publikoek eskaintzen dituzten datu irekiei buruz eta Wikimedia mugimenduak horietan egin ditzakeen ekarpenei buruz ere hitz egin dute.

Hezkuntzaren alorrean Wikipediaren erabilera jorratu dute, eta, ezagutza handitu aldera, informazio fidagarriak eskaintzen dituzten iturriekin osatu daitezkeen aliantzak mahai gainean jarri dituzte, hala nola hedabideak edo komunitate zientifikoa.

Argazkilaritza libreari lotutako egitasmoak, copyright-ari buruzko legediaren erreforma, eta Euskal Herrian izan diren ezagutza libreko esperientziak izan dira jardunaldietan jorratu diren beste gaietako batzuk.

Praktikari begira

Teoria ez ezik, arlo praktikoa ere landu dute, hainbat tailerretan: entziklopedia askea editatzeko lehen pausuak, Wikidata-ren erabilera, bot-en erabilera, argazkilaritza eta software librea.

Jardunaldiei amaiera emateko, igandean Wiki-take bat egin dute, Gasteizko Santa Maria katedralean: eraikin zaharrean ibili dira wikilariak gora eta behera, argazkiak ateratzen, Wiki loves monuments egitasmoaren baitan. Irudi horiek Commons lizentzia pean askatuko dituzte gero, nahi duen pertsona orok argazkiak erabiltzeko aukera izan dezan.

Pozik azaldu da Ramilo Araujo asteburuan bizi izandakoarekin, baina aitortu du wikilari ez den jende gutxi hurbildu dela Goiurira. "Artean pedagogia asko egiteko dago, jendeak ikus dezan ezagutzaren zabalpenean laguntzeko modua badutela, eta, horrez gain, euren ezagutza propioa handitzeko aukera ere badutela".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide