Sukaldaritza gustuko dutenek argitalpen berria dute eskura; hain justu, ogi tostak oinarri duten errezeten liburua aurkeztu zuen joan den ostegunean Artepanek, Mendizorrotzako Ostalaritza Eskolan. 'Ñam' du horrek izena.
Denera, 35 proposamen jaso dira bertan; zehazki, Artepanek aurten betetzen dituen urte kopuru berdina. Tosta bakoitzaren argazkiarekin batera, hori prestatu ahal izateko behar diren osagaiak, prozesuaren pausuak eta errezetaren zailtasun maila biltzen dira, eta baita erabilitako ogi motari buruzko oinarrizko azalpena ere. Izan ere, Artepan eta Mamiako ogi mota ezberdinekin daude eginda; tartean, mahaspasa eta intxaurra, espelta, sesamo edo gariaz egindakoak.
Tosta horiek oinarri hartuta, 35 sukaldari arabarrei errezeta bana sortzea eskatu zaie, eta horren emaitza da 'Ñam'. Beste askoren artean, Zaldiaran, El Clarete, Sukalki, La Riojana, Andere, Perretxiko edo Villa Lucia jatetxeetako arduradunek parte hartu dute argitalpenean.
Gaziak zein gozoak
Tosta batzuk gaziak dira; beste batzuk, berriz, gozoak. Hori horrela, denetariko produktuak erabili dituzte sukaldariek: izokina, barazkiak, frutak, onddoak edota bakailaoa, besteak beste.
Artepanek 12.500 aleko tirada atera du; horietatik, 4.500 euskaraz dira. Hainbat modutan banatuko dira; ALEAk, esaterako, harpidedunei oparituko dizkie laster.