ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek osatzen duten Jaietan Denok Jai plataformak elkarretaratzea deitu du igandean, urriaren 28an, Gasteizen, saltokiak igande eta jai-egunetan irekitzearen kontra. Langileek kontzentrazioa egingo dute 11:30ean Foru kalean dagoen Supercor Express aurrean, eta gero Gasteiz Etorbidean dagoen Simplyra abiatuko dira. Simplyko langileak hilabete honetan egiten ari diren protestekin bat egiten du plataformaren deialdiak. Izan ere, iragan urriaren 18an marka bereko Gasteizko supermerkatu guztietan greba egin zuten, eta abenduaren 31ra arte, igandero, greba egiteko proposamena egin du enpresa batzordeak.
Gasteiz Hiribidean kokatuta dagoen supermerkatuak urteko 365 egunetan eta 07:00etatik 01:00ak arte ireki nahi ditu ateak. Enpresa batzordeak salatu duenez, langileek zortziehun euro kobratzen dituzte hilabetean. "Hori gutxi balitz, igandeetan eta jai egunetan ere lan egingo dute, marka handiak gehiago aberasteko. Horren atzean jartzen duten aitzakia, gizarteari zerbitzu hobe bat eskaini nahi dietela da, baina langileen bizi-kalitatearen aurkako eraso bat baino ez da hau".
Supercor Expres, El Corte Ingles markako denda maiatzaren 29an ireki zuten Gasteizko erdialdean eta urteko 365 egunetan zabalik dago.