"Beldurrak" irabazi duela esan du Irantzu Lekuek: "Gasteiz Etorbidean egin behar nuen muralari uko egitea erabaki dut zeharka eta zuzenean jasotzen ari naizen presioa dela eta. Ni, nire lan-taldea eta eraikineko bizilagunak jasotzen ari garen presio eta eraso pertsonalak direla eta". Arkitektoen Eskolako kideei leporatu die artista gasteiztarrak bere asmoaren kontrako "sorgin ehiza" bat antolatzea. Halaber, azpimarratu du arkitektoek erabili dituzten formak eta moduak lobbyen jarrera gogorarazi diotela, eta "inork bozkatu ez dituen eliteen gisara" jokatu dutela.
Lekuek Gasteiz Etorbideko 81. zenbakian "Ongi Etorri-Bienvenidos" murala jarri behar zuen. Horretarako, bizilagunekin, "fatxadaren jabe diren horiekin", adostua eta sinatua zuen proiektua artistak, baimen guztiak behar bezala eskatuta, zerbitzu guztiak jada kontratatuak, eta proiektuaren planifikazioan, lanketan eta parte hartze prozesuaren garapenean dozenaka ordu igarota. Alta, azken astean Arkitektoen Eskolako hainbat kidek hiriko hedabide eta sare sozialetan zabaldu dituzten kritikak direla eta, bere lana bertan behera uztea erabaki du: "Polemika hau dagokion lekura itzul dadin; akordioak eskuratzea helburu izango duen negoziaketa mahai baten bueltara".