Istripu gehien gertatzen diren zazpi lekuetan segurtasuna hobetuko du Udalak

Erredakzioa 2018ko urriaren 23a

Bide Segurtasunaren lehen Udal Plan Estrategikoa aurkeztu dute, istripu-kopurua jaisteko eta mugikortasuna hobetzeko xedez.

Bide Segurtasunaren eta Mugikortasun Iraunkorraren lehen Udal Plan Estrategikoa aurkeztu du Gasteizko udal gobernuak. Adierazi dutenez, bost urterako (2018-2023) dokumentu hau jarduteko esparrua izango da hirian bide-segurtasuna hobetzeko, istripu-kopurua gutxitzeko eta mugikortasun iraunkorra hobetzeko. 

Besteak beste, Plan Estrategikoak zenbait neurri aurreikusi ditu istripu gehien gertatzen diren hiriko zazpi lekuetan segurtasuna hobetzeko: Latinoamerika plaza, Arriagako atearen eta Artapadura kalearen arteko biribilgunea, Gasteiz hiribidearen eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen arteko bidegurutzea, Arriagako atearen eta Zadorra hiribidearen arteko biribilgunea, Antonio Machado eta Iruñea kaleen arteko bidegurutzea, Antonio Machado kaleko 17, eta Florida eta Jacinto Benavente kaleen arteko biribilgunea. Leku horietan 89 istripu jazo ziren 2017an, eta 97 lagun zauritu ziren horietan.

Florida eta Jacinto Benavente kaleen arteko biribilgunerako "turbo biribilgunea" diseinatzea proposatu dute udal teknikariek. Gasteiz Etorbidearen eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen arteko bidegurutzean, berriz, Gasteiz Etorbideko iparralderako zirkulazio-erreiak hirutik bira murriztea proposatzen dute. Latinoamerika plazan aldi baterako irtenbidea konplexuagoa litzateke, lurperatzeko proiektuak baldintzatzen duelako edozein asmo.

Halaber, plan estrategikoak 79 ekintza proposatzen ditu, bost jarduera-ildotan banatuta: hiri inguruneetan mugikortasun seguru eta iraunkorra sustatzea, talde ahulenak babestea, jokabide ezegokiak zuzentzea, mugikortasun segurua ikasten laguntzeko ekintzak, eta informazioaren kudeaketa eta istripuen azterketa hobetzea.

Bide Segurtasunaren Plana arratsaldean aurkeztuko dute udal arduradunek Mugikortasun Elkargunean; ondoren, egiten diren proposamenak eta horien  bideragarritasuna, finantzaketa eta garapena aztertu beharko dira. Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok eta Gizartearen eta Udal Administrazioaren Arloko koordinatzaile nagusi Victor Garcia Hidalgok  azaldu dutenez, "bost urterako planaz ari gara, eta beraz, bide luzea dugu aurretik, baina uste dugu merezi duela, helburua ezin hobea baita: Gasteizko bide-segurtasuna hobetzea, istripuen kopurua gutxitzea eta gure kaleak seguruago bihurtzea oinezko, txirrindulari eta gidarientzat".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago