Merkatuartek eta Zakatumbak bat egingo dute Zaramagan

Erredakzioa 2018ko urr. 23a, 15:27
Santa Isabel hilerrian bisita gidatuak izango dira. ALEA

Kontzertuak, kultur jarduerak eta heriotzaren kulturari buruzko jaialdiaren proposamen bitxiak izango dira Domu Santuen egunaren atarian.

Zakatumba jaialdiak eta Gasteiz On elkarteak sustatutako Merkatuarte ekimenak indarrak batuko dituzte aste honetatik azaroaren hasierara arte, eta Zaramaga beteko dute kontzertuz, kultur eta arte jarduerez eta heriotzaren kulturarekin loturiko ekimenez. 

Zakatumba jaialdiaren hirugarren edizioaren barruan, urriaren 26an, ostiralean, marrazki-potea egingo da Santa Isabel hilerrian, eta Juanjo Monago aktore gasteiztarrak La muerte en familia. Cuentos de terror y misterio escritos por mujeres antzeztuko du. Santa Isabel hilerrira bisita gidatuak ere egingo dira urriaren 28an eta azaroaren 4an. Halaber, El mono habitado konpainia gasteiztarrak mikro-antzerkiko sei emanaldi egingo ditu Santa Isabel hilerrian.

Ekimen horrekin batera, Zaramagako Merkatari eta Ostalarien Elkarteko establezimenduek Merkatuarteren edizio berria egingo dute asteburu honetan eta datorren asteko zubian. Arlo ezberdinetako laurogei artista inguruk parte hartuko dute bere lanak erakutsiz, eta kaleetan zein ostalaritzako aretoetan musika emanaldiak izango dira. 

Veronica Werckmeisterrek Herrera Mendatearen kalean duen lantegia izango da Merkatuarteren abiapuntua, ostegunean, 19:00etan. Han erakutsiko dira ekimenaren katalogoa osatuko duten lanetako batzuk; asteazkenean, hilak 31n,  Biotzarrak txarangak girotutako kalejira batean banatuko dira lan horiek Zaramagako kaleetako hogei merkataritza-establezimendutan baino gehiagotan. Ondoren, auzora hurbiltzen diren lagunek erakusleihoetan ikusi ahalko dituzte lanak. Amaitzeko, azaroaren 15ean beste kalejira bat egingo da lanak bildu eta edizioari amaiera emateko.

Gainera, azaroaren 4ra arte  hamar kontzertu eskainiko dira Zaramagako taberna eta jatetxeetan, besteak beste, Handicap eta Ali Ensemble taldeen eskutik. Merkatuarte egiten den egunetan Zaramagako tabernek eta jatetxeek pintxo-potea eskainiko dute, 1,5 euroan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide