Udalak ezezkoa eman dio Armentia-2 putzuari buruzko herri galdeketari

Juanma Gallego 2018ko urr. 22a, 13:58
Galdeketaren kontra agertu diren alderdien "jarrera antidemokratikoa" salatu du Berriztuk. / Alea

EAJ eta PSE alderdien botoekin atzera bota dute Berriztu eta Fracking EZ plataformek aurkeztutako proposamena.

Gasteizko Udalean gaur goizean izandako udalbatzarrean parte hartu dute gaur Berriztu Araba y Fracking Ez! elkarteek, eta bertan eskatu dute Subilla Gasteizen zulatu asmo duten Armentia-2 gas putzuari buruzko herri galdeketa egitea hirian. EAJ eta PSE alderdiak aukera horren aurka agertu dira, eta PPk abstentziora jo du. EH Bildu, Ahal Dugu eta Irabazi, berriz, galdeketaren alde agertu dira. Ondorioz, proposamena atzera bota du Udalak.

Kontra azaldu diren bi alderdien "jarrera antidemokratikoa" salatu du Berriztuk, ohar baten bitartez. "Ahoa betetzen zaie Green Capitalarekin batzuei; 'trantsizio energetikoko ministerioarekin' besteei, eta hiritarren parte-hartzearekin biei"; halere, bi alderdiek "erregai fosilen aldeko apustua" egiten dutela diote ekologistek. Gogorarazi dute fracking-ari buruzko 2014ko Herri Ekimen Legegilean bildutako 103.589 sinaduratatik 40.000 bat Gasteizko herritarrenak zirela.

EH Bilduko Aitor Miguel zinegotziaren aburuz, gaur eztabaidatutakoa gai "estrategikoa" da hiriarentzat, eta, horregatik, galdeketa egin beharra zegoela aldarrikatu du. "Liburuetan agertzeko moduko adibidea" dela esan du. Ahal Dugu-ko Jorge Hinojalen esanetan, "konpainia elektrikoek sustatzen dute erregai fosilen agertokia, haien negozioa hobetu aldera, eta argi dago EAJrekin inoiz ez garela ados jarriko gas putzu bat beharrezkoa ote den erabakitzeko". Irabaziko Oskar Fernandezek, berriz, putzua "berehala bertan behera uzteko" galdegin du.

SHESA Euskadiko Hidrokarburoen Elkarteak ekainean ezagutarazi zuen Subilla Gasteizen egin beharreko zulaketari buruzko ingurumen inpaktuko txostena, eta agiri horretan irregulartasun ugari atzeman zituzten ekologistek. Hortaz, helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ekainean ere egitasmoaren inguruko alegazio kanpaina abiatu zuten; orotara 14 alegazio tekniko eta alegazio herrikoi bat aurkeztu zituzten, 2.000 lagun baino gehiagoren babesarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide