Beatriz Herraez izango da Artiumeko zuzendari berria

Erredakzioa 2018ko urr. 18a, 14:25
Beatriz Herraez, erdian, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Daniel Castillejorekin. AFA

2012tik 2016ra bitartean Reina Sofiaren arte garaikideko funtsei buruzko erakusketen komisarioa izan da.

Beatriz Herraezek hartuko du Daniel Castillejok Artium museoan utzitako tokia. Horrela erabaki du, aho batez, museoaren balioespen batzordeak, hilabete batzuetako prozesu batean guztira hamabi proiektu aztertu ostean. Fundazioaren patronatua gaur goizean bildu da, eta berretsi egin du batzordeak egindako proposamena.

Herraez gasteiztarrak Artearen Historiako eta Arte Ederretako prestakuntza jaso zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta bi alderdi banaezin nabarmentzen dira haren ibilbidean: bata, hitzaldi eta argitalpenekin lotua eta, bestea, arte garaikidearen komisario lanari eta batzorde espezializatuetan izan duen partaidetzari buruzkoa.

Komisario lanen aldetik, ibilbide luzea egin du. 2007tik izen handiko guneetan antolatutako erakusketa monografiko askoren komisarioa izan da, hala nola, Reina Sofian (Madril, Espainia), Castillocorralesen (Paris, Frantzia), Sculpture Centeren (New York, Ameriketako Estatu Batuak) eta Azkuna Zentroan eta Tabakaleran.

2007tik 2011ra bitartean Montehermoso Kulturgunean komisario-buru izan zen eta, besteak beste,  Artea eta Ikerketa eta Next programak zuzendu zituen. Halaber, azken urteetan, Herraezek Reina Sofia Museoaren bilduma sailaren talde kuratorialean hartu du parte, eta 2012tik 2016ra bitartean erakundearen arte garaikideko funtsei buruzko erakusketen komisarioa izan da.

Herraezek dibertsitatearen aldeko apustua egin du, "XX. mendeko 60. hamarkadatik aurrerako euskal sormenari lehentasuna emango dion ikuspuntu kronologikoa eta nazioarteko dimentsio bat islatuz".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide