Oinarrizko kirola sustatzea eta horretan inplikatzea eskatu diote Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataforman bildutako kirolariek Gasteizko Udalari. Zerbitzu publikoak herritar ororen diruarekin mantentzen direla gogoratu nahi izan diete udal agintariei, eta kirolari dagokionez, "gehienbat eliteko mailan aritzen ez diren oinarrizko kirolarien diruarekin". Hortaz, "horrenbeste Iron Man, Final Four edo txapelketa nagusietan zentratu beharrean, Udalak aurten baztertutako eskolaz kanpoko jardueretan dabiltzan umeengan, eskalada aisialdi duten gazteengan, kirol berria ezagutu nahi duten helduengan, behar bereziak dituzten pertsona eta abarrengan pentsatu beharko luke".
Era berean adierazi dute rokodromoen auzia Kirol eta Kultura sailak bilatzen duen "pixkanakako pribatizazioaren" adibide bat bakarrik dela, eta onartezintzat jo dute Udala bera izatea "langileen baldintzak prekarizatzen dituena, eta zerbitzu publikoak arriskuan jartzearen arduraduna". Ildo horretan, gogoratu dute Udalak hiriko hiru rokodromoen kudeaketa bi rokodromoen aurrekontu berarekin esleitu nahi izan diola orain arte lan hori egin duen kooperatibari. "Kooperatibak ezin du onartu, lan baldintzak, segurtasuna eta kalitatearen kaltetzea dakarrelako", ziurtatu dute.
Gasteizko udal rokodromoen itxieraren ostean sortu da Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataforma, eskaladan aritzen diren hiriko zaletuen jarduera defendatzeko, eta orokorrean hirian kirol zerbitzu publikoen alde egiteko. Agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, egoera salatzeko eta behar bezalako konponbide bat eskatzeko. Nabarmendu dutenez, 1.200 lagunetik gora izan dira azken urtean Ariznabarra eta Hegoalde gizarte etxeetako udal rokodromoak erabili dituztenak, eta itxierari irtenbide azkarra emateko exijitu dute.