Ostiralean izango da Gasteizen Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira

Erredakzioa 2018ko urr. 11a, 11:20
Tomasita Quiala eta Araceli Argüello inprobisatzaileak Iruñeko emanaldian. Iturria: XDZ

Kubako Tomasita Quiala repentista, Araceli Argüello Argentinako payadorea eta Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariak izango dira, 19:00etan, Beñat Etxepare antzokian.

Bertsolaritzarekin batera, munduko beste kultur adierazpide batzuk taularatu nahi ditu Nazioarteko Inprobisatzaileen Birak. Urriaren 9tik 14ra gauzatzen ari da bira, egunero emanaldi bat eskainiz; Gasteizen, ostiralean, urriaren 12an, da hitzordua, Gasteizko Beñat Etxepare antzokian 19:00etan. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Lanku Kultur Zerbitzuak garatu dute egitasmoa, Gasteizko Udalaren laguntzarekin. 

Maialen Lujanbio eta Xabi Igoa bertsolariekin batera, Kubako Tomasita Quiala repentistak eta Araceli Argüello payadore argentinarrak hartuko dute parte. Quiala Kubako punto cubanoaren adierazlerik garrantzitsuenetakoa da. Artista afizionatuen mugimendutik agertu zen eta. profesional bihurtu arren, bere jarduna oraindik herriko mugimenduari lotua dago eta plazarik ohikoenak guatekeak, serenatak eta auzo eta landa inguruko festak dira. Horrez gain, ipuinak, abestiak eta neurri handiko poesiak ere idazten ditu. Argüellok, berriz, hamabi urterekin gitarrari heldu eta Saul Huenchul Patagoniako payadorearen hitzak hartu zituen eredu, eta, 2013an, payadore izendatu zuten Marta Suint payadore argentinarrak eta Jose Curbelo payadore uruguaitarrak. Egun, Hizkuntza eta Literatura Lizentziaturako ikaslea da Villa Mariako Unibertsitatean.

Sarrera dohainik da, baina gonbidapena eskuratu behar da aurrez Iparralde gizarte-etxean edota Beñat Etxepare antzokian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide