2,5 milioi euro inbertituko ditu Udalak hiru futbol-zelai eta Beti Jai berritzeko

Erredakzioa 2018ko urr. 10a, 16:00

EAJk, PSEk eta EH Bilduk lortutako akordioa berretsi du Gasteizko Udalaren Ogasun batzordeak.

EAJ, PSE eta EH-Bildu udal taldeek hiriko kirol-azpiegiturak berritzeko lortutako akordioa berretsi du gaur Gasteizko Udalaren Ogasun Batzordeak. 2019ko aurrekontuan 2.500.000 euro sartzea ahalbidetuko duen zuzenketa adostu dute hiru talde politikoek, eta Udalak AMVISA udal sozietatearen bitartez lortuko ditu behar diren diru-sarrerak. Adurtza, Abetxuku eta Astronomoetako futbol-zelaiak zein Beti Jai pilotalekuak eraberritzeko erabiliko da partida.

EH Bilduko zinegotzi Miren Larrionek esan du akordioa "mugarri bat izatea" nahiko lukeela, eta udal gobernuari proposatu dio "adostasun zabalak bilatuz, hiriarentzat beharrezkoak diren proiektuak aurrera ateratzea". Izan ere, EH Bildu udal taldeak aurkeztu zuen zuzenketa, Beti Jai frontoiak moldatzeko aurreikusita zeuden konpromiso-kredituak Ariznabarra eta Lakua-Arriagako futbol zelaiak erreformatzeko ere baliatzeko. 

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok ere positibotzat jo du gaur Ogasun Batzordean hartutako erabakia.  "Itun hau bi urteko geldialdiaren ondoren instalazioetan egiten ari ginen inbertsioari gehitzen zaio. Lehen urratsa da kirol politikan urratu nahi dugun bidean, Gasteiz kirolaren hiriburua bihurtzeko".

Halaber, Ogasuneko zinegotzi Itziar Gonzalok akordioaren alde hitz egin du, eta adierazi du bultzada handia suposatuko duela Gasteizko kirol-azpiegiturarentzat. "Agintaldi honetan dagoeneko hiru milioi eurotik gora erabili dugu xede horretarako, aurreko gobernuak baino gehiago".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide